Tuvisa Gasteizko hiri garraioko udal konpainia eskariaren araberako BUX garraio kolektiboko zerbitzuaren aplikazioaren bertsio berria martxan jartzeko prestatzen ari da, azken hobekuntzak gehituz. Bertsio berrituak hamar bidaiako bonua modu digitalean erosteko aukera emango du.

Hain zuzen ere, Izaskun Reyes Tuvisako presidentea eta garraioko udal sozietateko talde teknikoa Radio Taxiko arduradunekin bildu dira astearte honetan aplikazioaren funtzionamenduaren berri emateko.

Aplikazioa Android eta iOS sistema eragileetan egongo da erabilgarri, eta erabiltzaileek edozein lekutik erosi ahal izango dute bonua eguneko 24 orduetan. Edonola ere, estankoetan eskuragarri egoten jarraituko duen egungo kartoizko bonuarekin batera erabiliko da.

Aplikazio berriaren proben azken fasean, Tuvisa aurreprodukzioan ari da sistemaren konfigurazioa aztertzen, eta laster bere webgunean herritarren eskura jarriko duen erabilerarako eskuliburu bat eta ohiko galderen dokumentu bat idazten.

Egungo aplikazioaren garapen berria Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatu dute, 104.700 euroko zuzkidurarekin.

"Laster BUX zerbitzuak 12 urte beteko ditu, eta denbora horretan ibilgailu pribatuaren alternatiba gisa finkatu da Gasteiz kontzejuekin komunikatzeko. Aplikazio berriarekin erosotasunean eta irisgarritasunean irabaziko dugu, zerbitzu honen erabilerak hazten jarrai dezan", adierazi du Izaskun Reyesek.

Eskariaren araberako BUX garraio kolektiboko zerbitzuak hilean 1.500 erabilera baino gehiago izan zituen 2024an, eta udal kontzejuetan bizi diren pertsonen eta hiriburuaren arteko lotura bermatzen du.