Síguenos en redes sociales:

Gasteizko Udalak 55 urtetik gorakoentzako hamar natur irteera eskainiko ditu maiatzaren 20tik ekainaren 19ra

Gasteizko Udalak 55 urtetik gorakoentzako hamar natur irteera eskainiko ditu maiatzaren 20tik ekainaren 19raNerea Mazkiaran

Gasteizko Udaleko Kirol Zerbitzuak 55 urtetik gorakoentzako antolatutako 'Ibilbideak natur inguruetan' ekimenak hamar irteera berri eskainiko ditu udaberriko denboraldia. Ibilaldiak asteartero eta ostegunero egingo dira, maiatzaren 20tik ekainaren 19ra, eta izena emateko epea maiatzaren 6an irekiko da. Irteera bakoitzean 100 leku izango dira gehienez.

Ana Lopez de Uralde Kirol zinegotziaren hitzetan, "natura maite dutenen artean oso harrera ona duen jarduera da, eta 55 urtetik gorako pertsonak mendira eta gure ingurune naturalera hurbiltzea ahalbidetzen digu. Parte hartzaileek euren egoera fisikora gehien egokitzen diren ibilbideak aukeratu ahal izango dituzte, eta errutinatik deskonektatu, Arabako paisaia ederrenak zeharkatzen dituzten bitartean".

Bada, udaberriko denboraldiko ibilbideek aukera emango dute Albaina, Bastida, Araia, Apodaka, Marieta, Landa, Santa Teodosia, Nerbioiko Parke Lineala, Inglares ibaiaren ibilbidea, Añanako Gatz Harana eta Izkiko Parke Naturala ezagutzeko, besteak beste.

Ibilbideak zailtasun mailaren arabera zehaztu dira, eta zirkularrak edo linealak izango dira, 7 eta 11 kilometro arteko distantziarekin. Ostegunetako irteerak asteartekoak baino errazagoak izango dira.

Irteera bakoitzaren aurreko eguneko 13:00ak arte eman ahal izango da izena, gizarte etxeen eta udal kirol instalazioen sarean. Udal kirol instalazioetan harpidetutako pertsonentzako prezioa 2,65 euro izango da, eta harpidedun ez direnentzat 4,20 euro.

Garraio zerbitzua izango da, geldialdiak eginez Iparraldeko eta Judimendiko gizarte etxeetan eta Gasteiz hiribideko 15 zenbakian, Trafiko bulegoen parean. Irteera ordua 08:30ean izango da, eta itzulera 14:00ak aldera.

Iazko udaberriko eta udazkeneko ibilbideetan 16 irteera programatu ziren eta 1.587 pertsonak parte hartu zuten, %56 emakumeak. Ibilbideak udalaren webgunean kontsultatu eta bertatik deskarga daitezke.