Beñat Garaio soziolinguista arabarrak Euskera eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai. D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen ikerlana publikatu du Euskaltzaindiaren eskutik. Akademiak bere Iker sailean argitaratu du liburua, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzaz. Euskararen biziberritzea eta hizkuntzen jabekuntza dira Garaioren ikergai nagusiak, eta gai horiek jorratuz Tesi Onenaren VIII. Koldo Mitxelena Saria jaso zuen 2022an, eta Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Saria 2023an. Hain zuzen, tesi hori da orain Euskararen Akademiak argitaratu duena. Euskararen ikaskuntzarako baldintza “ez-hain-mesedegarrietan” aniztasuna kontuan hartzen diharduten Gasteizko bi eskolaren gaineko azterketa egitea izan zen ikerketa honen helburua: “Diagnostiko baikor bat egin nahi nuen –aitortu du egileak– ikusteko bi eskola hauetan ere gauzak ondo egiten direla eta emaitza onak lortzen direla”. Eskola publiko horietan honako gai hauek aztertu zituen Beñat Garaiok: eleaniztasuna, euskara eta ikasleen ahozko gaitasuna.
"Liburu hau EHUko ELEBILAB ikerketa-taldean egin nuen tesiaren jarraipena da. Tesi horrek Bikain Cum Laude kalifikazioa izan zuen eta Koldo Mitxelena Euskarazko Tesi Onenaren saria eskuratu nuen 2023. urtean, Arteak eta Humanitateak adarrean"
Zein izan da ikerketa edo lan honen helburu nagusia? Nondik edo zergatik bururatu zitzaizun idea hori?
– Hezkuntzaren eta euskararen biziberritzearen gaiak oso garrantzitsuak dira eta, kezka-iturri handia direnez, eztabaida ugari sortzen ditu eta ezkortasun handia somatu daiteke. Noski, datu guztiak ez dira onak eta joera kezkagarriak antzeman daitezke, baina lan handia egiten ari dira eskola-komunitateetan eta aitorpen ariketa bat egin nahi nuen. Horretarako, Gasteizko bi eskola publiko eleanitz aztertu ditut ikerketa honetan eta eskola horietako indargune eta lorpenak ezagutzen saiatu naiz. Eremu ez hain euskaldun batean kokatutako hiria izanda, Gasteiztik kanpoko beste testuinguru batzuentzako baliagarria izateko helburuarekin ere burutu da ikerketa hau, euskararen biziberritzeari eta gizarte kohesioari ekarpen bat egiteko asmoz.
Zeintzuk izan dira lan honen zailtasunak?
–Doktoretza-tesiak berez dira prozesu zailak. Alde batetik, lanari bakarrik erreparatuz, urte luzez aritzen zara ‘bakardadean’ eta etengabe zalantzan jartzen duzu zure lanaren inguruko dena. Bestalde, ikerketa mundua, eta are gehiago doktoregaiarena, oso prekarioa da eta ziurgabetasunez beteta dago. Nire lanera itzulita, esango nuke hainbat izan direla izandako erronkak, bereziki egin nahi nuen ekarpena gizarteak bizi zuen egoerara eta zituen beharretara egokitzen jakitea eta zorroztasun akademikoaren eta ikuspegi baikorraren artean oreka mantentzea.
Lan hau egiteko orduan, zertan oinarritu zinen eskola eleanitzaren eraginkortasuna aztertzeko orduan?
– Nire ikerketa-taldearen, bi zuzendarien eta nire alorra euskara eta eleaniztasuna izanik, bi azterketa-ildo burutu nituen lan honetan: alde batetik, euskara eta eleaniztasunarekiko jarrerak aztertzea ikasle, irakasle, guraso eta aisialdi-hezitzaileen partetik, horretarako galdetegi batzuk erabiliz. Bestalde, ikasleen euskarazko ahozko gaitasuna neurtu nuen ipuin kontaketaren bitartez. Esan bezala, helburua bi eskola hauen indarguneak eta lorpenak identifikatzea zen eta horretarako Arakatze Apreziatiboa izeneko filosofia erabili nuen. Azterketa askok, inkontzienteki izan arren ere, ikertutakoaren arazo eta beharretara garamatzate eta horretan eragin nahi nuen. Helburua ez da azterketa xalo bat egitea, argi dagoelako egoera zaurgarri batean gaudela eta arrisku ugari daudela, ditugun datuei ebidentzietan oinarritutako argi pixka bat igortzea eta baikortasun mezu bat helaraztea baizik. Izan ere, oso garrantzitsua iruditzen zait gure burua ondo ezagutzea eta horretarako funtsezkoa da gure alde onak, ondo egiten ditugunak eta ondo egin ditzakegunak, ere kontuan hartzea.
Zer abantaila eta desabantaila izan ditzake euskara ondo dakiten ikasleak ikasle etorkinekin elkartzeak?
–Lehenik eta behin, orokorrean uste dut funtsezkoa dela gure ikasgeletan gizartean dagoen aniztasun ekonomiko, soziala, kulturala eta linguistikoa islatzea, kohesio eta justizia sozialaren mesederako. Hori esanda, oso garrantzitsua da etxean euskaraz egiten ez dutenak eta euskara urruti sentitu dezaketenak etxean euskaraz egiten dutenen ikaskide eta lagunak bilakatzea, euskararekiko ikuspegia aldatu eta euskaraz hitz egiteko aukerak areagotuko dituelako horrek. Era berean, oso garrantzitsua da etxean beste hizkuntzetan mintzo diren familiekin (eta, oro har, beste errealitate batzuk dituztenak) komunitate bat osatzea, elkarbizitza hori egunero eraikitzean izugarrizko aurrerapausoa emango dugulako hainbat alorretan. Dena dela, ñabardura bezala, azpimarra eta ardura ez da familia euskaldunengan edo atzerritar jatorriko familietan jarri behar. Hezkuntza-komunitateak, gizarteak eta bereziki erakundeek baliabideak eta baldintzak eskaini behar dituzte euskara ikasi eta une oro erabiltzeko, beste hainbat helbururen artean. Bestalde, etxean gaztelaniaz hitz egiten duten euskal herritar jatorriko familiak euskararen eta kulturartekotasunaren aldeko bidean berraktibatzea ere funtsezkoa iruditzen zait.
“Nire ikerketa-taldearen, bi zuzendarien eta nire alorra euskara eta eleaniztasuna izanik, bi azterketa-ildo burutu nituen lan honetan”
Zein balio hartu dituzu kontuan ikerketa hau aurrera eramateko orduan?
– Hiru printzipio nagusik gidatu dute ikerketa hau: eleaniztasunean oinarritutako euskararen biziberritzea sustatzea; gizarte-kohesioa eta euskara uztartzea eskola publikoaren bitartez eta ebidentzia zientifikoetan oinarritutako ekarpen baikorrak egitea.
Zein dira ikerketa honen ondorio garrantzitsuenak?
–Esan bezala, helburua diagnostiko baikor bat egitea zen eta hein handi batean hori lortu da ikerketa honekin. Izan ere, euskararekiko eta eleaniztasunarekiko jarrerak oso positiboak dira eta ikusten da eskola-komunitate horietan oinarri sendo bat dagoela euskara eleaniztasunean biziberritzeko. Ahozko gaitasunari dagokionez, aztertutako kontaketa guztietan ikusi da ikasle horiek dagokion ahozko maila dutela. Halaber, baliabide aberastasun handia topatu nuen jasotako ekoizpenetan eta honekin ikusi dezakegu testuinguru ez hain euskaldun batean eta aniztasun handiko ikastetxeetan ere euskalduntzen direla ikasleak, baita Euskal Herrira iritsi eta urte gutxitara ere.
Zure balorazioaren arabera, zein da eleaniztasunaren, euskararen eta ikasleen ahozko gaitasunaren egungo egoera?
–Bi eskola hauek lortzen dute euskararekiko eta eleaniztasunarekiko jarrerak bultzatzea eta ikasleei dagokien ahozko euskarazko gaitasuna irakastea. Horrenbestez, eta ñabardunak ñabardura, testuinguru-hain-mesedegarrietan ez dauden D eredu publikoko eskola publiko hauen helburuak betetzen direla esan genezake.
“Lan handia dago egiteko hainbat alorretan eta zaila da lehentasun guztien zerrenda egitea, horietako asko elkarrekin lotuta daude”
Nola hobetu genezake?
–Lan handia dago egiteko hainbat alorretan eta zaila da lehentasun guztien zerrenda egitea. Gainera, horietako asko elkarrekin lotuta daude eta apustu sendoa eta baliabideak behar dira. Dena dela, nire ikerketa lanarekin lotutako hobekuntza-arlo batzuk aipatzearren: eskola-segregazioari aurre egitea eta segregatuta dauden eskolei mota guztietako baliabide gehiago ematea, euskararen aldeko jarrerak birpentsatzea eta gaurkotzea (gizarte osoa erabilera eta aktibaziora bideratuz), euskaraz erraztasunez hitz egin nahi eta ahalko duten euskarazko hiztun osoak trebatzea, eleaniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna bultzatzea tolerantziatik haratago,… momentuz hauek aipatuko nituzke. Azken gauza bat aipatu nahiko nuke.
Noski.
–Liburu hau EHUko ELEBILAB ikerketa-taldean egin nuen tesiaren jarraipena da. Tesi horrek Bikain Cum Laude kalifikazioa izan zuen eta Koldo Mitxelena Euskarazko Tesi Onenaren saria eskuratu nuen 2023. urtean, Arteak eta Humanitateak adarrean. Tesia Itziar Idiazabal eta Leire Diaz de Gereñuren zuzendaritzapean egin nuen eta defendatu nituenetik jaso nituen iruzkinak eta proposamenak gehitu ditut liburu honetan, testua liburu formatura egokitzeaz gainera.