Euskararen erabilera erosorako eredu diren Arabako bost entitate aitortu dituzte Lazarraga Sariek
Bai Euskarari Elkarteak Arabako Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen dituen Lazarraga Sariek euskararen erabilera erosorako eredu diren lurraldeko bost entitate aitortu dituzte: Grafik Sarea (Laudio), Sartu Alava (Gasteiz), Elkar San Prudencio (Gasteiz), Hyundai Eska (Laudio) eta Jimmy Jazz (Gasteiz). Bost saridunek dute Bai Euskarari ziurtagiria.
Gasteizko Artium museoa egin da sari banaketa ekitaldia ostegun honetan, Arabako lan eta euskara munduko eta instituzioetako ordezkariak bertan zirela. Edurne Azkarate aktore arabarrak egin ditu aurkezpen lanak eta giroa berotzeko Alatraste taldearen musika eta dantzaz gozatu dute bertaratutakoek.
Bai Euskarari Elkarteak antolatzen du sariketa, Arabako Foru Aldundiarekin babesarekin, eta hitzaldi bana eskaini dituzte Bergoi Madernaz del Pozo Bai Euskarari Elkarteko aholkulariak eta Ramiro Gonzalez Vicente Arabako diputatu nagusiak. Sariak ere bien artean banatu dituzte.
Madernaz del Pozok gogora ekarri du aurreko asteburuan Bilbon egin zen European Language Equality Network sarearen biltzar orokorrean egindago adierazpena: "Euskalgintzaren Kontseiluak proposatuta, aho batez adierazi eta onartu dute euskara larrialdi linguistikoan dagoela. Egoera honek bapateko neurri eraginkorrak hartzera bideratu behar gaitu".
Lan munduan euskaraz eroso aritzea hurrengo urteetako hizkuntza politiketan "estrategikoa" izan behar dela nabarmendu du. "Hezkuntzan egiten ari garen inbertsioa ezin da lan munduan galdu", gaineratu du.
Era berean, lan munduan euskarari lekua egitea "estrategikoa bezain lehentasunezkoa" dela ziurtatu du Bai Euskarari Elkarteko ordezkariak, eta "urrats sendoak" egin behar direla plangintza, arau eta baliabideetan.
Bestalde, Gonzalezek nabarmendu duenez, "Araban gero eta enpresa gehiago ari dira berrikuntzan lehiakortasunez jokatzen, euskara bere kudeaketan barneratzen, bai bezeroekin, bai hornitzaileekin euskara erabiltzeko".