Sabino Arana Fundazioak artxibo historikoetako prestakuntza eta ikerketari buruzko jardunaldi bat antolatu du Bilbon astearterako, azaroaren 5erako, Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak dokumentazio historikoaren informazioa herritar ororen eskueran antolatu dituen jardunaldien esparruan. Unibertsitateko irakasleekin eta artxiboetako arduradunekin batera, ikasleen, gradudunen eta graduondoko ikasleen prestakuntzaren egungo egoera aztertuko da, euskal dokumentu ondarearen inguruan.
Dokumentuak erregistratzeko, antolatzeko, deskribatzeko eta bilatzeko teknika dokumentalak ezagutzea da helburua, baita zentroetan gordetako funtsei esker etorkizunean jorratu daitezkeen etorkizuneko ikerketak ezagutzea ere, Sabino Arana Fundaziotik jakinarazi dutenez.
Bada, Oscar Alvarez Gila EHUko Amerikako Historiako irakasle titularrak parte hartuko du azaroaren 5eko ekitaldiaren lehen atalean. Azalduko du Euskal Abertzaletasunaren Agiritegia moduko zentroetan praktikak sustatzeko eta prestatzeko egoera zein den gaur egun; ondoren, Caceresko Probintziako Artxibo Historikoko zuzendari Esperanza Diaz Garciak hitz egingo du.
Atsedenaldiaren ondotik, bigarren atalari ekingo diote Bizkaiko Elizaren Artxibo Historikoak, Sancho el Sabio Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak. Ikasleak edo ikasle ohiak ere arituko dira, euren esperientziaz edo zentrootan egindako ibilbideaz hitz egiteko.
Jardunaldia hezkuntza arloko profesionalei, teknikariei eta graduko nahiz graduondoko ikasleei zuzenduta dago, batez ere, baina gaian sakondu nahi duen ororentzat ere zabalik egongo da. Doakoa izango da, baina ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea Sabino Arana Fundaziora deituta (94 405 64 50) edo posta elektronikoa bidalita (idazkaritza@sabinoarana.eus).