Síguenos en redes sociales:

June Fernandezek eta Pilar Rodriguezek irabazi dute Gasteizko Ikerlan Feministen V. Lehiaketa

"Lehiaketa honen bidez, ezagutza eta ikerketa feminista sustatu nahi ditugu"

June Fernandezek eta Pilar Rodriguezek irabazi dute Gasteizko Ikerlan Feministen V. Lehiaketa

June Fernandez eta Pilar Rodriguez dira Gasteizko Ahalduntze Feministarako Eskolaren baitan antolatutako Ikerlan Feministen V. Lehiaketaren irabazleak, eta bakoitzak 4.500 euro jasoko ditu. Bi irabazleek ikasturte honetan zehar garatuko dituzte beren ikerketak, eta Euskal Heriko Unibertsitateko (EHU) Antropologia Feministako Ikertaldeko ikertzaile baten laguntza izango dute horretarako.

"Lehiaketa honen bidez, ezagutza eta ikerketa feminista sustatu nahi ditugu, gure hirian ahalduntze feminista lortzen laguntzeko", adierazi du Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Berdintasun zinegotziak.

Horrela, Pilar Rodriguez Perez izan da saridunetako bat, eta, "nortasun normatibo binarioak zalantzan jartzeko eta trans identitateak aldarrikatzeko" fikzioa, dokumentala eta animazioa erabiltzen dituzten lau lan zinematografikotan azaltzen diren aldarrikapen feministak ikertuko ditu.

Hain zuzen, Mel Arranzen 'Azaletik azalera' (2021), Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto (2022), Esther Perez de Eulateren Excluidas del paraíso (2016) eta Esti Urresolaren 20.000 erle-espezie (2023) filmak aztertuko ditu.

Gasteizko Ikerlan Feministen Lehiaketaren beste irabazlea June Fernandez Casete izan da, 'Si no puedo perrear... Discursos y prácticas transfeministas, interseccionales y queer en torno a las expresiones culturales sexualizadas' ikerketa proiektuarekin.

Kontranarratibak ikertuko ditu euskal disidentzia sexual eta kulturaletatik abiatuta. Bere hitzetan, "adierazpen kultural sexualizatuak berriro beren egiteak sexu askatasuna berresteko eta arau eta esparru moral zisheteropatriarkalen eta mendebaldekoen aurka egiteko era bat eskaintzen dute".

Bi ikerketak ikasturte honetan zehar garatuko dira eta, horretarako, EHUko Antropologia Feminista Ikertaldeko ikertzaile baten laguntza izango dute. Bi ikerketen aurkezpen publikoa 2025eko ekainaren 5ean egingo da, 18:30ean, Emakumeen Etxean.