Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saila hasi da Gabonetako argiztapena instalatzen hiriko kale eta plazetan, azaroaren 22an pizteko. "Gure kaleak berriro apainduko ditugu turismoaren eta merkataritzaren ikuspegitik erakargarriago bihurtzeko eta dinamizatzeko", nabarmendu du ostiral honetan Maider Etxebarria alkateak.
Aurten 168.000 euro inguruko inbertsioa egingo dela iragarri du, eta zenbateko horri Eguberrietako kanpainarako Gasteiz On elkartearekin hitzartuta dauen 73.000 euroko zenbatekoa gehitu behar zaiola. "Kanpainaren bidez, elkarteak Gabonetako motiboak jartzen ditu Andre Maria Zuriaren plazan eta Arka plazan", zehaztu du.
Horri guztiari, gainera, Gasteizko Udalak lehendik dituen baliabideak gehitu behar zaizkio. Bere jabetzakoak diren argiak dira eta, horrenbestez, ez dago horiek kontratatu beharrik. Hiriko hainbat auzotako zuhaitzak argiztatzeko erabiltzen dira.
"Aurten, Gasteizek azaroaren 22an piztuko du Gabonetako argiteria. Iaz, sektore komertzialak hala eskatuta, pizteko ekitaldia aurreratu egin genuen eta aurten ere gauza bera egingo dugu: Eguberriei gure inguruko beste hiri batzuetan baino astebete lehenago egingo diegu harrera. Beste nolabait esanda, Euskadiko hiriburu goiztiarrena izan nahi dugu", azaldu du Etxebarriak.
Gasteizko Gabonetako argiekin lotutako berritasun nagusia da aurten 44 kale eta zortzi plaza argiztatuko direla. Horretarako, 1,7 miloi LED argi erabiliko dira, iaz baino 300.000 gehiago eta handiagoak. Gainera, San Prudentzio kalean 270 metro baino gehiago eta lau metroko zabalera izango dituen "argizko sabaia" jarriko dute, eta Florida pasealekuan zuhaitz gehiago argiztatuko dira.
Gasteiz On elkartearen eskutik, Andre Maria Zuriaren plazak 3Dko figura argidun handiak izango ditu, ohiko zuhaitzarekin batera, eta Arka plazan argidun tren txiki bat jarriko da.
Gabonetako argiak pizteko ordutegia 18:00etatik 22:00ak arte izango da. Salbuespen gisa, ostiral, larunbat eta abenduaren 24 eta 31 eta urtarrilaren 5ean, argiak 03:00ak arte piztuko dira.