Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregiak Hezkuntza eta Gizarte Kontzertuen Antolatzaileen Sarearen (ROCE) XV. Topaketa hartuko du abenduaren 2tik 4ra: “BITARTEKARITZA: Musikaren, interpretatzaileen eta pertsonen artean komunitateko eta afektuzko guneak sortzen”. Ekitaldi horren helburua gizarte- eta hezkuntza-jarduerak programatzeko eta antolatzeko beharrezkoak diren alderdiei buruz hausnartzea da.
ROCE 2024 Topaketan parte hartzeko izena emateko epea ireki da eta azaroaren 24an amaituko da. Interesa dutenek ekitaldiaren webgune bidez eman dezakete izena.
Azken urteotan, ROCE musika arloko publikoaren parte izan ohi ez diren pertsonen eta kolektiboen talde heterogeneo horretara hurbildu da. Askotariko errealitateak ordezkatzen dituzten pertsonak dira: gizarte, ekonomia, kultura, genero, arraza, sinesmen, hezkuntza eta beste hainbat arlori dagokienez. Errealitate horiek, askotan, oztopoak dira, ikusgarriak eta ikusezinak, eta pertsona horiek zuzeneko musikarako eta bestelako arte-espresioetara sarbide normalizatua izatea eragozten dute edo ez dute sarbide hori errazten.
ROCE topaketak hausnarketarako gunea izan nahi du, pertsona anonimoek, irakasleek, hainbat arlotako artistek, kultura-kudeatzaileek eta gizarte-erakundeetako kudeatzaileek, liderrek eta bitartekariek entzuteko eta hitz egiteko aukera izan dezaten. Horren guztiaren helburua da gaur egun gizarte-errealitate aldakor eta batzuetan nahasgarrian murgilduta dauden musika-erakundeen zeregina zein den hobeto ulertzea. Ekitaldi horrek afektuzko eta komunitateko espazio indartsua sortzen du, publikoak eta musikariek elkarrekin konektatzen dutenean eta, hala, esperientzia artistiko kolektiboa sortu.