Gasteizko Udalak informazio kanpaina bat jarri du abian Andre Maria Zuriaren jaietan hondakinak bereizi eta birziklatu beharrari buruz, eta, Ecoembes eta Ecovidrio erakundeen laguntzarekin, sei informazio gune jarriko ditu aste honetan jaietan ere birziklatu beharraz kontzientziatzeko.
"Proposamen honen helburua txupinazoaren ekitaldian erabilera bakarreko plastikoaren kontsumoa murriztea eta jaietan zehar ontzien bilketa berezitua sustatzea da", azaldu du Gasteizko Udaleko Ingurumen Kudeaketako zinegotzi den Borja Pascual zinegotziak.
Horrela, Ibiltarian, Loma Jenerala plazan, Foru plazan, Posta kalean eta Andre Maria Zuriaren plazan, bide publikoan botatako edari ontziek, erabilera bakarreko ontziek eta plastikozko poltsek ingurumenean duten eragina murriztearen garrantzia nabarmenduko dute bi ingurumen hezitzailek.
Informazioaren bitartez, eta aurretiazko zein ondorengoko argazkiak baliatuz, herritarrak sentsibilizatzen saiatuko dira. Funtsean, birziklatzeko joeran herritarren konpromisoa guztiz beharrezkoa dela erakutsi nahi da.
Informazio guneetan testuingurua eta arazoaren garrantzia zehazteko datu zehatzak emango dira: jai garaian bide publikotik jasotako hondakinen bolumena, bideak garbitzeko eta hondakinak biltzeko ohiko zerbitzuak indartzeko garbiketa hornidura, plazako sarbideak kontrolatzen dituzten udaltzainak, edukiontziak eta paperontziak. "Kanpainaren azken helburua jaien eremuan ere birziklatzen jarraitzea da", ondorioztatu dute Gasteizko Udaletik prentsa-ohar baten bitartez.