Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak onetsi du 190.000 euro banatzea lurraldeko 38 udalerri eta bost kuadrillaren artean, euskararen bidez sozializatzeko programak garatu ditzaten. Orotara, foru erakundea 124 proiektu lagunduko ditu diruz lurralde historiko osoan.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak azaldu duenez, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailaren deialdiaren helburu nagusia da gizarte programa eta jarduerei laguntzea, euskal hiztunak eta horien sareak aktibatzeko eta Araban euskaraz bizitzeko baldintzak izan daitezen aukerak sortzen jarraitzeko. Ekintzak aisialdiarekin eta kirolarekin, administrazioarekin, sozioekonomiarekin, euskarazko komunikabideekin eta kultura edo gazteriarekin lotuta egon daitezke.
Bada, diruz lagundutako 124 programak hainbat eratakoak izango dira, hala nola haurrentzako tailerrak, udalekuak eta bertsoak, euskararen erabilera eta transmisioa sustatzeko jolas jarduerak, euskaltegien jarduera bera eta beste kultura proiektu batzuk.
Asparrena, Kanpezu, Lantaron, Legutio, Arraia-Maeztu, Urizaharra, Iruña Oka, Arratzua-Ubarrundia, Burgelu, Donemiliaga, Berantevilla, Bernedo, Zigoitia, Barrundia, Urkabustaiz, Zuia, Harana, Kuartango, Erriberagoitia, Argantzon, Erriberabeitia, Artziniega, Dulantzi, Agurain, Zalduondo, Okondo, Trebiñuko Konderria, Gaubea, Aramaio, Amurrio, Aiara, Laudio, Iruraiz-Gauna, Lagran, Oion, Guardia, Zambrana eta Armiñongo udalek, eta Arabako Lautada, Gorbeialde, Arabako Mendialde, Guardia-Arabako Errioxa eta Aiarako kuadrillek abiatutako programek jasoko dituzte foru erakundearen laguntzak.