Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak Mendizorrotzeko futbol zelaiko udal bulegoetan dagoen Jarduera Fisikoaren Ikerketa Zentroaren lehen solairua eta sotoa berriro Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU) lagatzea onartu du. Udal jabetzakoa den emakidak hiru urteko iraupena izango du, eta urtero luzatu ahal izango da, gehienez ere beste hiru urtez.
"Lokalak utzita, 2030. urtera arte jarduera fisikoak herritarren osasunean dituen ondorioak ezagutzeko ikerketa proiektuak garatzen jarraitu ahal izatea erraztu nahi dio udalak EHUri", azaldu du Maider Etxebarria alkateak.
2018az geroztik, Gasteizko Udalak Jarduera Fisikoaren Ikerketa Zentroaren lokalak laga dizkio EHUri, udal jabetzako emakidaren formularen bidez, jarduera fisikoa osasunerako onura handi gisa sustatzeko helburuarekin.
Testuinguru horretan, aurten 'Edonola' proiektua jarriko dute abian. Horren bidez, kimioterapia tratamendua jasotzen duten eta linfoma diagnostikatutako pertsonengan ariketa fisiko konbinatuko programak dituen eraginak aztertuko dituzte. Proiektua Donostiako Onkologikoak gidatuko du, eta jarduera fisikoari dagokion zatia EHUko Arabako campuseko Hezkuntza eta Kirol fakultateak bideratuko du.
Pazienteek Jarduera Fisikoaren Ikerketa Zentroaren Gasteizko lokaletan, Donostiako Onkologikoan eta Durangoko udal lokaletan egingo dute ariketa fisikoa, eta ikerketak Bioaraba, Biobizkaia eta Biodonostia osasun ikerketako institutuen laguntza izango du.
Era berean, 2021etik Jarduera Fisikoaren Ikerketa Zentroaren lokaletan egiten ari diren bi ikerketa proiekturi jarraipena emango zaie ekitaldi honetan. 'Trace' tratamenduarekiko erresistentea den nahasmendu depresiboa duten pazienteei zuzendutako ariketa fisikoko programa da; 'Exervest' programak, berriz, aldebakarreko hipofuntzio bestibularraren diagnostikoa duten pertsonen orekan dauden ondorioak eta haien bizi kalitatean eta ongizate psikikoan dauden aldaketak aztertzen ditu.