Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak haurrentzako bi jolasgune berritzeko lanak bultzatu ditu eta, horretarako, 165.000 euroko inbertsioa egingo du. Zehazki, Gazalbideko parkea eta Isaac Albeniz kalean, Presentación de María ikastetxearen atzealdean, dagoen gunea izango dira. Bi kasu horietan, denboraren poderioz oso hondatuta geratu diren guneak dira eta bertako jolasak eta zabuak zaharkituta geratu dira eta eguneratu egin beharko dira.

Beatriz Artolazabal alkateorde eta zinegotziak adierazi duenez, “bi esku-hartze horiekin, gure neska-mutilentzako guneak berrituko ditugu seguruagoak eta irisgarriagoak diren zabuekin. Gainera, ekipamendu horiek gure hiriko auzoetan duten eskari handiari erantzun egokia emango diete”. Horrekin lotuta, Artolazabalek egindako “ahalegin ekonomiko” handia eta “soziabilitatea eta inklusioa bultzatzeko” egindako ekarpena azpimarratu nahi izan ditu. “Hiri irisgarria eta inklusiboa, inor baztertuko ez duena, kasu honetan adingabea, sortzeko lanean ari gara. Neska-mutil guztiek eskubide berberak dituzte eta, noski, dibertitzeaz eta une atsegina igarotzeaz ari garenean, eskubide berberak dituzte”.

Proiektuak kontratazio-mahaian daude eta gero Tokiko Gobernu Batzordeak onartu beharko ditu.

Enpresa esleipendunak bete beharreko helburu nagusietako bat izango da instalatzen dituzten ekipamendu-elementuak gaur egungo benetako egoera fisikoetara ondoen egokitzen direnak izatea. Hala, ingurunearekiko harmonia-lerroa eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu beharko dira.