Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak doako tailerren zikloa antolatu du 16 eta 35 urte arteko gazteei etxebizitzarekin, lanarekin eta eskubideekin lotutako legezko zalantzak argitzen laguntzeko. 'Ezagutu zure eskubideak' lelopean, Gazteen Informazio Bulegoan egingo dituzte hiru lantegiak, apirilaren 9an, 16an eta 23an.

Ekimena Gasteizko Udalaren V. Gazte Planean sartuta dago, "beren bizitzako prozesuetan bizitza autonomoa lortzeko gazteak ahalduntzea helburu duen emantzipazio lerroaren baitan", Gazteria zinegotzi Ana Lepez de Uraldek adierazi duenez.

"Gazteentzako Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzuak gazteek haien eguneroko bizitzarako erabilgarriak izan daitezkeen eta, besteak beste, lan arloarekin eta etxebizitzarekin zerikusia duten lege gaien ezagutzan gabeziak dituztela egiaztatu ondoren sortu zen plana", gaineratu du.

Tailerretan jorratuko diren gaiak aholikularitza juridikoan gehien eskatzen dituzten gaiekin lotuta dago. Aholkularitza horren lan nagusia da gazteen legezko eskubide eta betebeharren inguruko ezagutza egokia sustatzea, informazioa eta aholkularitza eskaintzea, eta intereseko izapidetze posibleekin lotutako legezko orientazioa ematea.

Hitzaldiak apirilaren 9an, 16an eta 23an izango dira, 18:00etan, Gazteen Informazio Bulegoan, Espainia plazan. Lehen jardunaldia etxebizitzaren ingurukoa izango da eta euskaraz egingo da; alokairuarekin, erosketarekin edo laguntza publikoekin lotutako gaiak jorratuko dituzte.

Bigarren hitzaldiak lan arloa landuko du eta, besteak beste, lan kontratuak eta nominak aztertuko dituzte adibideak erabilita; saioa gaztelaniaz izango da. Azken egunean, tailerra euskaraz egingo da eta, bertan, modu dinamikoan eta parte hartzailean, beste hainbat gairen artean, oinarrizko eskubidea, zuzenbide administratiboa eta fiskala edo kontsumitzaileen eskubideak landuko dituzte. Tailerrotan parte hartu nahi dutenek Gasteizko Udalaren webgunean eman beharko dute izena, vg.eus/gazteeskubideak web orrian.