Europa Jauregian egin dute Vitoria-Gasteiz Hobetuz programa parte-hartzaileko laugarren edizioan boto gehien jaso dituzten proposamenak aurkezteko jaia. Puntuazio onena jasotako herritarren hamasei proiektuak errealitate bihurtuko dira hiru milioi euroko inbertsioari esker. Horiek guztiak 2024 eta 2025 artean eramango dituzte aurrera.

7.171 lagunek hartu dute parte azken hiru asteotan egindako bozketan. Udalerria hobetzeko herritarrek aurkeztutako 84 hobekuntza-ekimenen artean aukeratu behar izan dute. Hasiera batean, 228 ekimen erregistratu ziren, baina haietako 111 jo zituzten Udaleko teknikariek bideragarritzat. Haietako batzuek tematika bera lantzen zutenez, proposamenak azkenean 84tan bildu zituzten eta horiek izan dira, hain zuzen ere, hirian erroldatutako eta 16 urte baino gehiagoko pertsonek bozkatu dituztenak. Herritar bakoitzak hiru proiektu aukeratu behar izan zituen.

Egindako jaian, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzi Miren Fernández de Landak gogorarazi duenez, “herritarren partaidetzarako programa hori hiria eta udalerria hobetu nahi dituztenen ilusioak eta desioak praktikara eramateko modu bikaina da. Halaxe dio izenak ere: Vitoria-Gasteiz Hobetuz”. Horregatik, eskerrak eman dizkie proiektuak proposatu dituztenei, botoa eman dutenei eta hori guztia ahalbidetu duten udal-langileei. “Orain, proiektu irabazleak ezagutzen ditugu eta 2024an eta 205ean zehar errealitate bihurtzeko lanari gogo handiz egingo diogu aurre”, zehaztu du.

Bestalde, Gasteizko alkateak, Maider Etxebarriak, adierazi duenez, ‘Gasteiz Hobetuz’ programa “partaidetzaren adibide bikaina” da eta agerian utzi du ekimenen bat planteatu edo azken egunotan bozketan parte hartu duten pertsona guztiek “oso garrantzitsua den zerbait partekatzen dutela: hau da, haien hirirako onena nahi dute”. Alkateak adierazi duenez, aukeratutako proiektuek “helburu positiboak dituzte eta auzoei mesede egiten diete”.