Gasteizko Udalaren Enpleguaren Zerbitzuak 2024rako enplegurako prestakuntza-ikastaroen programa jarri du abian. Eskaintzak onlineko 250 ikastaro eta aurrez aurreko 80 ikastaro baino gehiago jasotzen ditu eta, horietarako, 1.000 plaza baino gehiago egokituko dituzte.

“Prestakuntza-eskaintza honekin, enplegu bila ari direnen eta haien laneko gaitasunak hobetu nahi dituztenen trebakuntza bultzatzen dugu”, adierazi du María Nanclaresek, Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak. “2024an, 500.000 euro baino gehiago bideratuko ditugu programa honetara”, iragarri du.

Udalaren programa honi esker beren curriculuma aberastu nahi dutenek aurrez aurre edo Internet bidez egiteko aukera izango dute. “Erabilgarri dugun autoprestakuntzako plataforma informatikoak oso harrera ona izan du. 2023an, 750 lagunek eman zuten alta zerbitzu honetan eta guztira 900 ikastaro egin zituzten”, zehaztu du Nanclaresek.

Modalitate honen bidez, norberaren ekipo informatikoaren bidez trebatzeko aukera du, norberaren eta lan arloko ordutegi eta egoerara egokituta. Osagarri gisa, gainera, ikasleek zalantzak kontsultatzeko eta ariketa praktikoak zuzentzeko tutoretzak izaten dituzte.

Onlineko ikastaroek era askotako gaiak jorratuko dituzte: enpresa-administrazioa eta -kudeaketa, merkataritza eta ostalaritza, logistika eta garraioa, eraikuntza eta instalazioak, diseinua eta komunikazioa, enplegu berdea, berrikuntza eta jasangarritasuna, informatika eta abar.

Prestakuntza aurrez aurre egitea nahiago dutenek, aldiz, Ignacio Ellacuria, CETIC eta Basaldea udal-zentroetan egiteko aukera izango dute.

Ignacio Ellacuria Udal Ikastegian gai hauekin lotutako ikastaroak eskainiko dituzte: logistika, eraikuntza, eraikuntza jasangarria eta industria tradizionala. Horietako batzuei esker, gainera, Lanbide-gaitasunaren Ziurtagiria lortu ahal izango dute ikasleek. Horietako batzuk izango dira hauek: ‘Biltegiko jarduera lagungarriak’ eta ‘Pertsonei etxean gizarte- eta osasun- arreta ematea’.

CETIC Udal Ikastegian, aldiz, informazioaren teknologiekin, 4.0 industriarekin, sormen-industriekin eta informatikarekin lotutako ikastaroak eskainiko dituzte. Eskaintzak era askotako ikastaroak jasotzen ditu: dronak gidatzen ikasteko ikastaroa, Adimen Artifizialerako datu-analisia oinarri duen ikastaroa eta ‘Canva AArekin’ berritzailea, adibidez. Azken horretan, diseinu grafikoa punta-puntako teknologiarekin ikasi ahal izango da.