Gasteiz laster sartuko da Bizikletaren aldeko Hirien Sarean. Elkarte hori tokiko erakundeek osatzen dute eta Espainiako hirien artean dinamika sortzea du xede bizikleta bidezko zirkulazioa errazteko, seguruago egiteko eta garatzeko. Udaleko talde guztiek aldeko botoa eman diote eta Espazio Publikoaren eta Mugikortasunaren Batzordeak Gasteiz sare horretan atxikitzeko erabakiari oniritzia eman dio.
Beatriz Artolazabal zinegotzia eta alkateordea erabaki horren alde agertu da: “espazio horretan modu ofizialean atxikitzea erabakita, garraiobide horren erabilera errazteko eta bizikleten tradizio handiena duten udalerrien mapan kokatzeko beste aurrerapauso bat emango dugu. Foro horretako kide izanda, hiri mailan bizikleta garatu nahi duten beste hiri batzuekin batera lan egin ahal izango dugu. Horren bidez, ideiak, proiektuak eta tresnak partekatzeko aukera izango dugu eta guztiok izango gara horren guztiaren onuradunak. Gainerakoengandik ikasi eta bidegorriekin, aparkaleku seguruekin, auzoen konexioarekin eta erregistroarekin lotutako gure politikak ezagutaraziko ditugu”.
Atxikipen hori formalizatzen denean (osoko bilkurak berretsi behar du aurrena), alkateordeak adierazi du “Gasteiz mugikortasun jasangarriari dagokionez” (kasu honetan, txirrindularien mugikortasuna) “punta-puntako Europako hirien artean kokatuta egon dadin aurreko legealdietatik egin izan den lanaren lekukoa jasoko dugu”, zehaztu du.
Garraiobide osasungarria eta jasangarria bultzatzeko bizikleta erabiltzearen alde Gasteizko hiriburuak egindako apustua Gasteizko Udaleko Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak eta Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (CEA) bideratutako jardueretan ikus daiteke. Neurri horien guztien helburua da herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzea eta hauek izan dira jarduera horietako batzuk: hirigunean bidegorrien sarea hobetzea eta handitzea, aparkaleku seguruak edo kaleetan 30 kilometro/orduko muga ezartzea ibilgailuei.