Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak aurkeztu dute Turismoko Nazioarteko Azokan (Fitur) 2024an zehar ‘Kirolera bidaiatu. Zatoz Arabara eta Gasteizera’ lelopean hirian eta lurraldean egingo diren kirol-ekitaldien egutegia. Aurkezpenean izan dira bertako kirolari esanguratsu batzuk: Martín Fiz eta Ruth Brito atletak eta Igor González de Galdeano txirrindularia.
Kanpaina horren bidez, bi erakundeek Gasteiz eta Araba turismo aktiboko eta kirol-turismoko toki gisa sustatuko dute Espainiako turismo-azoka nagusian eta mundu osoko garrantzitsuenetako batean.
Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak, Maria Nanclaresek; eta lehenengo diputatu nagusiorde eta Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru-diputatuak, Cristina Gonzálezek, Fiturren Euskadik duen standean egindako aurkezpenean hartu dute parte. Bertan, Gasteizek eta Araba osoak dituzten ezaugarriei esker, “kirol-turismorako gune ezin hobea” direla nabarmendu nahi izan dute.
“Estatu mailako eta nazioarteko kirol-egitasmoen egutegia eskaintzen duen turismogunea gara. Egitasmo horiek kirolari profesionalentzat zein amateurrentzat izaten dira. Gainera, kirolarekiko pasio handia eta zaletu bikainak ditugu, azpiegitura eta instalazio ezin hobeak, naturagune handiak eta kirola egiteko klima egokia”, azpimarratu du.
Udalak eta Aldundiak 2024ko kirol-ekitaldien egitaraua aurkeztu dute bertako kirolari hauen eskutik: Martín Fiz, Maratoian munduko txapeldun; Igor González de Galdeano, La Vuelta lasterketan bi etapa irabazi zituena eta Tourrean hainbat egunez maillot horia jantzita izan zuena; eta Ruth Brito, Triatloiko munduko txapelduna. Horrez gain, bertan izan da Jose Antonio Arenzana, aurtengo maiatzean lehen aldiz Araban egingo den distantzia luzeko The Wolf Race Graveleko lasterketaren antolatzailea.
Aurten antolatutako lasterketen artean, honako hauek nabarmendu behar dira aipatu berri dugun The Wolf Race lasterketaz (maiatzak 24/25) gain: Martín Fiz Maratoia (maiatzak 5); Gasteizko Ironman lasterketa (uztailak 14) eta La Vuelta, Espainiako txirrindularitza-lasterketa. Azken horrekin lotuta, gainera, irailaren 5ean, oso-osorik Arabatik igaroko den etapaz gozatu ahal izango dute zaletuek. Izan ere, etapa Gasteizko erdigunetik atera eta Izkiko natura-parkera (Maeztu) iritsiko da.
Egutegia Gasteiz eta Araba kirol arloko gune gisa sendotuko duten beste ekitaldi batzuekin osatuko da. Horietako batzuk dira hauek: Parabadmintoneko Nazioarteko Txapelketa (apirila), VI Half Gasteiz distantzia ertaineko triatloi-txapelketa (ekaina), Eusko Bike Challenge (ekaina), Vitoria Cicloturista (ekaina), Emakumezkoen Araba World Tennis Tour (ekaina), BLAN txirrindularitza-proba (iraila), Gasteiz Trail mendi-lasterketa (iraila), Orbea Gravel Arabako Errioxa (urria) eta Wine Run Arabako Errioxa (urria).