Aurten, Gabonetako Haur Parkea kokapen berrian izango da: Europa Biltzar Jauregian. Gobernu Irekiko eta Gizarte Etxeetako zinegotzi Miren Fernández de Landak zehaztu duenez, eremu zabalagoa, erdigunekoa, irisgarria eta ondo komunikatua izango da. “Abantaila asko dituen gunea da, garraio publikoan iristeko egokia da, jarduera guztiak beheko solairuan eta irisgarritasun hobearekin egiteko aukera ematen duena; beraz, Gasteiztik eta kanpotik Gabonetako Haur Parkeaz gozatzera etortzen diren guztiek erosoago egin ahal izango dute, eta esperientziak eta dibertsioa familian partekatu”, azpimarratu du.

Aurten, lelo hau aukeratu dute: Gure Gabonak-Nuestra Navidad. Parkea 14 urte bitarteko haur guztientzako eskaini nahi da, modu inklusiboan. “Argi utzi nahi dugu Gabonetako Haur Parkearen barruan, Udalak Garapen Jasangarriko Helburuekin duen konpromisoak eta iraunkortasunak ere lekua dutela, batez ere 10. helburuan, ezberdintasunak murrizteari buruzkoan,”, erantsi du zinegotziak. Horrela, Haur Parkearen edizio honek arreta berezia eskainiko dio haurtzaroko berdintasunari, alderdi guztietatik, genero-, etnia-, jatorri-, kultura- eta gaitasun-hesiak apurtuz. Horretarako, lankidetzan garatuko da, hirian lan egiten duten elkarteen eskutik. Horren adibide dira Medicus Mundi Álava, Kolonbia-Euskadi elkartea, Dejlia Taama Musoo emakume afrikarren elkartea, Itxaropena eta Aspace.

Abenduaren 26an irekiko da. Egun horretan, 11:00tan irekiko ditu ateak Gabonetako Haur Parkeak. Inauguraziorako, Europa Jauregiaren kanpoaldean, Dejlia Taama Musoo emakume afrikarren elkarteak Afrikako musika- eta dantza-erakustaldi bat eskainiko du. Parkearen azken eguna urtarrilaren 5ean izango da; 14:00etan itxiko da. Egunero bi saio izango dira: bata goizez, 11:00tatik 14:00etara, eta bestea arratsaldez, 16:30etik 20:30era, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik, goizeko txanda bakarrik egongo baita. Urtarrilaren 1ean itxita egongo da. Txanda bakoitzean 1.500 lagunentzako tokia egongo da (3.000 egunean).

Egitarauari dagokionez, Olarizu aretoan haur eta gaztetxoek puzgarri handiez, zirkuko jokoez, aurpegi-margoketaz, animazio eta karaoke eszenatokiaz eta kirol egokituko jarduerez gozatu ahal izango dute, Itxaropena eta ASPACEren laguntzari esker.

Bestalde, Green Capital aretoak mahai-jokoen, birziklatze-tailerren, paper-loreen, xaflen tailerren eta ipuin-kontalarien gune bat izango du, baita “Nire eskua berdintasunaren alde” tailerra ere. Bertan, haurrek pertsona guztien eskubide-berdintasunaren eta desberdinekiko errespetuaren aurrean duten garrantziaz jabetu eta beren pentsamenduak eta nahiak adierazi ahal izango dituzte. Gune horretan bertan, eta Dejlia Taama Musoo euskal emakume afrikarren elkartearen laguntzarekin, parte-hartzaileek turbante afrikarrak egiten ikasi eta horien jatorria ezagutuko dute. Berritasun gisa, areto horretan bigarren eskuko ipuinekin osatutako liburutegi zirkular bat eta jostailuen trukerako azoka txiki bat egongo dira, trukeak egin ahal izateko, baldintza bakar batekin: artikuluak egoera onean egotea. “Jarduera honen garrantzia kontsumo iraunkorrari buruzko kontzientziazioan datza. Haurtzarotik iraunkortasunaren kultura bultzatu behar dugu eta baliabideak xahutzea eta alferrik galtzea saihestu“, adierazi du Fernandez de Landak.

Hiribideko begiratokia eremua 0-4 urte bitarteko haurrentzat bakarrik izango da, eta heldu batekin joan beharko dute beti. Ludoteka-gunea, musika-tailerra, bola-igerilekua, Play Mais gunea eta TEA (autismoaren espektroko nahasmenduak) duten haurrentzat lehentasunez erabiliko den espazio inklusiboa izango dituzte.

Armentia aretoa multimedia jarduerei eta bideo-jokoei eskainita egongo da. Bertan, haurrek kabina simulatzaileez, play stationsez eta wii jokoez gozatu ahal izango dute.