Mendizorrotzako igerilekuetako eraikin soziala zaharberritzeko lanak azaroaren 13an hasiko dituzte eta 9 hilabete inguru iraungo dute. Lan horiek direla eta, azaroaren 1etik aurrera itxita egongo da eta sarbideak aldatu egingo dira hilaren 13tik aurrera. Egun horretatik aurrera, kirolguneko erabiltzaileek Lasarteko atea erabili beharko dute sartu-irteeretarako.

Hala, eta ildo horretatik jarraituz, proiektua Mantentze Zerbitzuak bultzatu du eta 1.753.557 euroko inbertsioa egingo da. Honako hauek izango dira lan horiek: landare-fatxada jartzea, igogailu berri bat instalatzea, kanpoko sarbide-arrapala handitzea eta husteko eskailera berri bat eraikitzea. Gainera, komunetan ere egingo dituzte lanak eta ponpaketa-ekipoa jarriko dute (depositu eta guzti) sute-ahoek behar bezala funtziona dezaten.

Kirol-zinegotziak, Ana López de Uraldek, aldaketa horien inguruan honako hau aipatu du: “lanaren eraginak minimizatzeko eta eraikina berritzeko lanak kirol-instalazioaren gainerako tokien erabilerarekin bateragarri egin ahal izateko alternatiba onena da”. Era berean, “lanak egitearen helburua eraikin sozialaren irisgarritasuna, fatxada, terrazak eta komunak hobetzea izango” dela gogorarazi du. “Era berean, ezin dugu ahaztu erreforma honekin, suteen arloan indarrean dagoen araudira egokituko garela”.

Lan horiek egin ahal izateko, beharrezkoa izango da ikasketa-gela, aldagelak eta kafetegia ixtea. Instalaziora ibilgailu pribatuz joaten diren erabiltzaileei Mendizabalako aparkalekua erabiltzea gomendatu zaie.