Gasteizko Udalak aste honetan aurkeztu ditu 12 eta 18 urte arteko gazteen artean indarkeria matxista prebenitzeko bi gidak. Jardunaldia Europa Biltzar Jauregian egin da eta Berdintasun zinegotziak, Ana López de Uraldek, inauguratu du.

 “Argitalpen hauekin, gure hiriko kolektibo gaztearengana iritsiko gara. Izan ere, indarkeria matxistarik gabeko eta berdintasunean oinarritutako harremanen zutabeak finkatuko dituen prebentzio-lana eginez landu nahi dugu gaia. Epe ertainera begira, helburua indarkeria matxista desagerraraztea da”, adierazi du.

12-16 urte arteko gazteekin ziberindarkeria sexualak prebenitzeko gida izenekoa irakasleei zuzenduta dago, eta 12-18 urte arteko gazteekin lan egiten duten aisialdiko eta denbora libreko begiraleentzako indarkeria matxista lantzeko gida, aldiz, aisialdiko begiraleei eta hezkuntza ez-formaleko beste profesional batzuei. Bi argitalpen horiek Gasteizko Udalaren Berdintasun Zerbitzuaren indarkeria matxista prebenitzeko Libre izan Nonahi estrategian sartuta daude.

Horien helburuak dira indarkeria matxistaren (emakumeen aurkako indarkeria) edo indarkeria matxistaren beste espresio batzuen (LGTBIfobia + indarkeria sexista) faktoreen inguruko gogoeta egitea eta gazteen artean errespetua, askatasuna eta berdintasuna oinarri dituzten harremanak bultzatzea.

Halaber, aisialdiko eta denbora libreko irakasle eta begiraleei tresnak eskaini nahi dizkiete, lanean dituzten gazteei banakako eta taldeko hausnarketan lagun diezaieten, indarkeria matxistei aurre egin diezaieten beren jarrera eta sinesmenak aldatuz.

“Gazteen artean indarkeria matxista eta jarrera proaktiboak modu irmoan gaitzestea bultzatu nahi dugu indarkeria mota horri aurre egiteko”, azpimarratu du berriro López de Uraldek.

Aurkezpen-jardunaldia 09:30ean hasi da eta irakasleekin, ikasleekin eta aisialdiko eta denbora libreko begiraleekin batera indarkeria eta ziberindarkeria matxisten prebentzioa landu dute.

DBHko eta Batxilergoko irakasleei eta begiraleei haien lanaren erdigune diren gazteei genero-binarismoa eta heteroaraua zalantzan jartzen laguntzeko tresnak eskuratzea ahalbidetuko dieten materialak eman zaizkie. Horiek guztiek subjektibotasunak eta indarkeria matxistarik gabeko harremanak eraikitzen lagunduko diete.

Aldi berean, DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetako ikasleek eta Oinarrizko Lanbide Heziketako gela batek ziberindarkeria eta indarkeria matxisten prebentzioa landu du Isabel Duquerekin (La ‘Psico Woman), gazteekin indarkeria matxista prebenitzen esperientzia handia duen psikologo, sexologo eta ziberaktibistarekin.