Síguenos en redes sociales:

Abian da ‘Gasteiz Hobetuz’ egitasmoaren laugarren edizioa eta proposamenak aurkezteko epea azaroaren 26ra arte egongo da zabalik

Boto gehien jasotzen dituzten proiektuak 2024ko eta 2025eko udal-aurrekontuetan jasoko dira

Abian da ‘Gasteiz Hobetuz’ egitasmoaren laugarren edizioa eta proposamenak aurkezteko epea azaroaren 26ra arte egongo da zabalikUtzita

Gaur hasi da ‘Gasteiz Hobetuz’ programaren 4. edizioa“Batu eta eraldatu” leloarekin, Udalak herritarrak animatu nahi ditu proposamenak aurkeztera gero horiek 2024ko eta 2025eko udal-aurrekontuekin aurrera eramateko. “Helburua da hiria hobetzen jarraitzea eta hori herritarrengandik sortzen diren ideiekin egitea. Nahi duten guztiak animatu nahi ditugu beren proiektua aurreztera; izan ere, gero herritarren artean bozkatu ahal izateko aztertuko ditugu proposamen guztiak” laburbildu du Gobernu Irekiaren eta Gizarte Zentroen zinegotziak, Miren Fernández de Landak.

Gaurtik, urriaren 23tik, azaroaren 26ra arte egongo da irekita proiektuak aurkezteko fasea. Edonork, bere izenean edo taldean, proposatu ahal izango dio Udalari hiria hobetzeko ideia (bakarra). Gero, 2024ko eta 2025eko ekitaldietan, gutxienez 3 milioi euroko zenbatekoa bideratuko da horretara. Proiektu bakoitzeko gehieneko aurrekontua 300.000 eurokoa izango da; hau da, programa osoaren % 10ekoa.

3 milioi euroko aurrekontu orokorretik, 200.000 euro `Hobetuz Txiki´ atalera bideratuko dira. Horrek bideratuko ditu haurrek AktibaTU haurren partaidetzarako foroen bidez bultzatutako proposamenak. Aurtengo edizioko berritasunen artean, aipatu beharrekoa da beste 200.000 euro `Hobetuz Gazte´ programara bideratuko direla. Atal horrek jasoko ditu Hiretu hiria programaren bidez gazteek bultzatutako ideiak.

Aurkeztutako proposamenek Gasteiz udalerrira mugatu beharko dute. Horrenbestez, sartuta egongo dira, udalez peko 63 erakundeak. Aurtengo edizioan, Zaramaga auzorako inbertsioak eta proposamenak Zaramaga Biziberritzeko Planaren bidez bideratuko dira. Plan hori dagoeneko abian dago eta horiekin lotutako partaidetza-jardunaldiak urriaren 27an eta 28an egingo dira. Auzoko eragileek foro horretan beren ideiak ezagutarazteko aukera izango dute. Halaxe adostu dute gauzatzea askoz ere bizkorragoa izango delako eta Planak askoz ere handiagoa den aurrekontu orokorra duelako.

Hilabetez baino gehiagoz, `Gasteiz Hobetuz´ programarako proposamenak aurkeztu ahal izango dira Udalaren webgunearen bidez edo, aurrez aurre, herritarren arretarako bulegoetan. Ideiak aurkezteko epea amaitzen denean, Udaleko teknikariek baloratuko dute proposamen horietako bakoitza interes orokorrekoa eta udal-eskumenekoa den, bideragarritasun teknikorik baduen eta haren kostua ez dela programaren guztizko aurrekontuaren % 10 baino handiagoa (hau da, 300.000 euro baino gehiagokoa).

Jarraian, 2024ko otsailean ezagutaraziko ditu Udalak onartutako proposamen guztiak. Geroago, otsaila eta martxoa artean, Gasteizen erroldatuta dagoen 16 urte baino gehiagoko edonork izango du onartutako proiektu guztien artean hiru hautatzeko aukera. Bozketaren ondoren, Udalak aukeratutako proiektuen zerrenda argitaratuko du. Aurrekontuaren % 20 (gutxienez) bideratuko da bide publikoan egiteko jarduerak bakarrik ez diren proiektuetara. Gainera, auzo edo landatar eremu bakoitzean gauzatuko den proiektu kopurua, gehienez, 2koa izango da.

Programaz arduratzen den zinegotziak honako hau nabarmendu nahi izan du: “herritarren iritzia jaso nahi dugu hurrengo bi urteotako aurrekontuaren zati bat zertan inbertitu jakiteko. Aurreko hiru edizioetan, 51 proiektu bideratu ditugu guztira eta emaitzak oso onak izan dira; ikusgai daude eta guzti-guztiok ari gara horiek aprobetxatzen. Hiriko partaidetzarekin eta kudeaketarekin lotura duen tresna hau aprobetxatzera animatu nahi ditut herritarrak demokrazia zuzenaren adibide arrakastatsua baita”.