Europa Jauregian egingo da Gasteiz On pasarelaren XLIII. edizioa urriaren 3, 4 eta 5ean, 20:00etatik aurrera. Bertan, tokiko merkataritzak udazkena-negua denboraldi honetarako joera berriak eta eskaintzak aurkeztuko ditu. Aurten, hitzorduak izaera sozial eta inklusibo handia izango du. Gainera, berregituratu egin da egun horietako bakoitzean, ikusleek joerez (lehen inaugurazio-jardunaldian bakarrik egoten ziren ikusgai) zein ‘pret a porter’ modaz, haurrentzako modaz edo osagarriez, eta hazten ari diren edo ezagun bihurtzen ari diren diseinatzaileen sormen-lanez gozatzeko aukera izan dezaten.

Ekimena aurkezteko egindako prentsaurrekoan izan dira Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzia, Maria Nanclares; Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru-diputatua, Cristina González; Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua, Javier Hurtado; eta Gasteiz Oneko kudeatzailea, Patricia García.

Moda ondoan dugu gure egunerokoan; konfiantza eta segurtasuna ematen dizkigu eta geure burua definitzen duen adierazteko modua da. Eta une berezietan, horixe izaten da oinarrizko elementuetako bat. Gasteizko tokiko merkataritza da une bakoitzean bila ari garen look hori topatzeko gure aliatua eta haren balio bereizgarria arreta pertsonalizatua da”, azpimarratu du Maria Nanclaresek, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotziak.

Hala, azken urteotako gorabehera bereziak gainditu ostean, aurtengo edizioan, gure hiriko elkarteekin egindako elkarlana berreskuratu da. Oraingoan, ASAFES – Buruko gaixotasuna duten pertsonen eta senideen Arabako elkartearekiko elkarlana izango da urriaren 10ean egingo den Buru Osasuneko Mundu Eguna gertu dagoela aprobetxatuz. Elkarte horretako kideak igoko dira pasarelara modelo profesionalekin batera, baina ‘kaleko’ pertsonekin eta parte hartuko duten saltokietako bezeroekin ere partekatuko dute protagonismoa. Gainera, neurri guztiak hartuko dira kontuan. Horren guztiaren helburua da ekimenari izaera sozial eta inklusibo handiagoa ematea.

Gainera, aurtengo beste berritasunetako bat izango da egiturarekin lotutakoa. Oraingoan, hiru jardunaldi horietako bakoitzak joeren erakustaldia, tokiko saltokietako proposamenak eta hazten ari diren diseinatzaileen proposamenak izango ditu, egunero Europa Jauregia beteko duten ikusleei ikuspegi orokorragoa eskaintzeko. Hala, egunero, nazioarteko pasareletan eta aldizkarietan ikus dezakegun modaren isla zehatzagoa egongo da ikusgai.

9 saltokik hartuko dute parte banakako desfileetan, 25ek joeren desfileetan eta, gainera, hazten ari diren 6 diseinatzaileren proposamenak ikusi ahal izango dira.