Kai Nakai 27 urteko artista gasteiztarra da, eta musika euskaraz egiten du. Reggaetoia euskaraz egiten aitzindaria, gaur egun pop musika, musika urbanoa eta musika elektronikoa eskaintzen ditu. 2020an hasi zuen bere ibilbidea, Baimenik gabe diskoarekin. Askatasuna sustatzen duten letrei esker, gizarteak urteetan ezarri dituen patroiak deuseztatu nahi ditu. Ildo beretik, 2021ean, Maitia izeneko EPa atera zuen. Bertan, maitasun-istorio baten faseak aurkezten dira 5 abestiren bidez: lehen maitasunetik hasi, maitasun toxikotik igaroz, norberaren maitasuna, maitemina eta benetako maitasuna lortu arte.Gaur egun, Kai Nakai disko berrian lan egiten ari da, eta 2023aren amaieran kaleratuko du.

Nola ospatuko dituzu Gasteizko jaiak?

Gasteizko jai hauek bereziak izango dira niretzat, 5ean kontzertua emango dugulako hemen, eta niretzat jaiak hasteko modu ezinhobea da. Beste egunetan kuadrillan ateratzen naiz, nire oporrak izango dira, asko disfrutatzen ditut jaiak eta.

Kuadrillaren batean eman duzu izena?

Ateratzen naizen kuadrilla Basatiak da. Konturatu naiz gero eta ezagunagoa naizela, eta paseilloetan betaurreko batzuk edo konplementuren bat eraman beharko dut jendeak ez jakiteko ni naizela.

Zer gustatzen zaizu gehien hiri honetako jaietan?

Jaiengatik gehien gustatzen zaidana, haiengatik daukagun sentimendua da, baina zaila da gauza bat erabakitzea, gauza on asko dituzte Gasteizko jaiek: Zeledoiaren igoera eta jaitsiera, guztion artean dagoen rollo ona, ekintza ezberdinak daudela eguneko edozein ordutan edo espaziotan, euskal kultur eta tradizioei ematen zaien espazioa...

Zuri tokatuko zaizu erritmoa jartzea hilaren 5ean. Gogoz?

Izugarrizko gogoak ditut, baina pixkat urduri sentitzen naiz ere. Etxean kontzertua ematea, hainbeste jende ezagunaren aurrean... ai ama! Ziur nago gozatugo dugula, eta batez ere espero dut jendea gurekin disfrutatzea eta oroitzapen polita eramatea. Oraindik ez dugu izan aukera asko etxean jotzeko, eta askorentzat lehenengo aldia izango da ikusten gaituztela. Nire gomendioa, etortzeko dantza egiteko gogoekin!

Gainera, uztailaren 20an abesti berria estreinatu duzu. Zertaz hitz egiten duzu abesti horretan?

20an atera berri genuen Dónde, nire hurrengo diskoko lehenengo singlea. Kolaborazio bat da, Iris Pencherekin, Bilboko artista bat, eta reggaetoi abesti bat da. Oso abesti dantzagarria da, gauaz, lagunekin ospatzeaz eta dantza egiteaz hitz egiten du, oso aproposa orain datozen herriko jaietarako. Gainera bideoklip bat egin diogu, eta benetan, uste dut merezi duela ikustea, urteko pelikula delako. Atrako batean murgilduta ikusiko gaituzue... zelako istorioa montatu dugun momentu batean!

Azkenaldian, zure karrera profesionala izugarri hazten ari da musikaren munduan eta gero eta ospetsuagoa zara.

Beno, poliki poliki aurrera goaz. Uste dut oso talde langilea garela, eta proiektuan sinesten dugula. Hau guztia ez dator bakarrik, eta sartzen diogun ilusioa eta denbora poliki poliki bere fruituak ematen ari da. Oso harro nago gugaz!

Nola gogoratzen dituzu zure hasierako abestiak?

Maitasun handiz gogoratzen ditut lehenengo abestiak. Niretzat hasiera puntu hori jartzea garrantzitsua da. Mundu hau zaila da, eta askotan txiki sentitzen naiz edota nahikoa ez naizela, inpostora sentsazio horrekin. Orduan, ikustea zenbat egin dugun aurrera eta zenbat gauza lortu egin ditugun kokatu egiten nau, eta indar gehiago ematen dizkit aurrera jarraitzeko, eta harro sentitzeko.

Zer da sentitzen duzuna kontzertu bat egiten duzun bakoitzean?

Aldaketa handia izan dut egia esan. Hasieran intseguritate asko nituen, urduritasun handia sentitzen nuen, baina orain, ateratzen garen bakoitzean nire buruari gogoratzen diot disfrutatzeko gaudela hemen, eta etorri den jendea gu ikustera etorri dela ere. Eta txip horrekin, dakiguna egitera ateratzen gara eta oholtza jaten dugu! Noski, nire dantzariekin, bestela ez litzateke berdina izango!

Zein da zure uda honetako programazioa?

Momentuz urteko biran 25 kontzertu itxi ditugu, eta oso pozik gaude. Nahi genuen uda potente bat, eta izaten ari gara.

Abesti berriren bat lantzen ari zara?

Disko berrian ari naiz lanean, urte amaieran aterako dena. 8 abesti izango ditu, eta guztiak kolaborazioak izango dira. Pozik nago lan honekin, uste dut kalitatean beste pauso bat emango dugula, eta genero aldetik, gauza berriak datoz! Horrez aparte, Benidorm Festerako abesti proposamenak prestatzen ari naiz. Euskarazko proposamen bat aurkeztu nahi dugu, gu garen moduan. Uste dugu, show ikaragarria egin dezakegula, eta gainera, Benidorm Festean oraindik ez zaio euskarari bere lekua eman, beraz... aurten izan daiteke urtea!

Zer gustatzen zaizu gehien abeslari izateaz?

Gehien gustatzen zaidana da, batez ere, sortzen dugun guztia da, emaitza ikustea, eta jasotzen dugun maitasuna. Oso gogobetekoa da.

Nola ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Ba ez dakit, mundu honek aukera ezberdinak ditu, eta gauza ezberdinak egin daitezke. Argi daukat musikaz bizi nahi dudala, baina momentuz, gaurkoan bizi naiz eta orain bada momentua abeslari garai hau bizitzeko. Amaitzeko, tartetxo honetan eskerrak eman nahi dizkiot nire taldeari, bestela hau oso zaila izango litzatekelako, eta nola ez, gure jarraitzaileei, jasotzen dugun maitasun guztiagatik. Ez gaituztenei ezagutzen, emateko aukera! Energia positiboa daukagu, gure musika unibertsala dela eta badela garaia musika honekin dauden aurreiritziei aurre egiteko.