Gasteiz izango da Te cuidamos toda la vida (bizitza osoan zehar zainduko zaitugu) lelopean urtebetez Espainia zeharkatuko duen ‘La ruta enfermera’ (erizaintzako ibilbidea) ibilbidearen lehen geldialdia. Proiektua Erizaintzako Kontseilu Nagusiak probintzia mailako elkargoekin batera bultzatutako proiektua da eta horren helburua da adin guztietako pertsonen artean bizimodu osasungarriak sustatzea eta bizitzako etapa guztietan erizainek egiten duten funtsezko lanaren inguruan herritarrak sentsibilizatzea.
Ekimenaren aurkezpenean izan dira Osasun eta Kirol arloko zinegotzia, Ana López de Uralde; Erizaintzako Kontseilu Nagusiko presidentea, Florentino Pérez Raya; Arabako Erizaintzako Elkargoko presidentea, Hosanna Parra; eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Gotzone Sagardui.
Osasun eta Kirol arloko zinegotziak, Ana López de Uraldek, aipatu du Gasteizko Udala ibilbide horren bi helburu nagusiekin bat datorrela. López de Uraldek balioa eman nahi izan dio erizainek egindako oinarrizko lanari eta gogorarazi du “Gasteiz Hiri Osasungarrien Europako Sarean sartuta dago. Gure lana Osasunaren Mundu Erakundeak ebaluatzen du eta gure bizilagunen artean bizimodu osasungarriak sustatzeko konpromiso argia dugu”.
Gasteizko Alegria Activity enpresak diseinatutako “erizaintzako trailerra” izenekoak aholku osasungarriak dituzten bideoak, patologia ugariren inguruko infografiak jasotzen dituzten pantailak, lanbidearen inguruko iritzia ezagutzeko inkestak eta osasuneko autotest bat eskainiko ditu. Iktusa detektatzeko gune bat ere egongo da, Erizaintzako Kontseilu Nagusiak Pulso Vitalekin bideratutako elkarlanari esker.
Gainera, interes orokorreko gaiei eta ohitura osasungarriei buruzko hitzaldiak eskainiko dira: bihotz-biriketako suspertzearen eta lehen sorospenen hastapenak, edoskitzea, migrainak, diabetesa, nola erabili inhalagailu bat, sexu-transmisioko infekzioak eta abar.