Ia 6.000 landare erraboildun loratu dira Gasteizen egunotan Udaberriarekin batera, tulipak eta hiazintoak haien kolore ederrenak dituzte hiriko hainbat txokotan. Gasteizko Udalak, Lorategien eta Parkeen zerbitzuaren bidez, iazko udazkenean espezie horiek landatzea erabaki zuen. "Landaketa-lan horiek orain eman dute emaitza eta Arabako hiriburuko kaleak, plazak eta berdeguneak kolorez eta edertasunez bete dituzte. Hiazintoak eta tulipak erraboil iraunkorreko loreak dira. Haien eboluzioaren arrakastari esker, hainbat eratara ugal daitezke eta, hain zuzen ere, Lurrean 50 milioi urte daramatzate", azaldu du gaur Gasteizko Udalak.
Tulipak, jende askorentzat, udaberriko lore desiratuena dira, "eta maitasun zintzo eta garbiaren ikurra". “Jatorria Turkian du landare horrek eta aste hauetan Gasteizko hainbat gunetan landarearen koloreez, epeltasunaz eta formez gozatzeko aukera izango dugu. Mundu osoan 5000 tulipa-espezie daude eta kolore bakoitzak, oparitzeko garaian, esanahi ezberdina du. Tulipa horiak, adibidez, zorionarekin eta alaitasunarekin lotuta daude; zuriak purutasunarekin edo xalotasunarekin, gorriak maitasunarekin eta pasioarekin… Gainera, badago tulipen beste bitxikeria bat ere: jangarriak izan daitezke. Hain zuzen ere, Bigarren Mundu Gerran, beste elikagairik ez zutenez, lore horiek kontsumitu zituzten”, azaldu dute Lorategien eta Parkeen udal-zerbitzukoek. Hiazintoek ere beren esanahia dute. Urdinak konstantziarekin eta zintzotasunarekin lotzen dira; purpura-kolorekoak minarekin… Greziako mitologian, Hiazinto Espartako printze eder bat zen eta Apolo jainkoaren maitasun-pasioa piztu zuen.