Gizon batek masailean musu eman zion eta bularra ukitu zion bere bikotekidearekin taberna baten terrazan zegoen emakume bati.
Gasteizko Udaleko Segurtasun Sailak gaur salatu duenez, atzo gertatu ziren gertaerak. Terrazan zegoela, ezezagun bat hurbildu zitzaion, musu bat eman zion bularra ukitu zion bitartean. Zehazki, Arriaga-Lakua auzoko ostalaritza-establezimendu bateko terrazan zegoen emakume bati masailean musu eman eta bularra ukitu zion gizonezkoak. Biktimaren bikotekideak egindakoa aurpegiratu zion eta gizonak alde egin zuen. Handik gutxira, atera zioten argazki bati esker, Bartzelona kalean topatu zuten udaltzainek. Horrela, Udaltzainek 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo, sexu-eraso delitu baten ustezko egilea zelakoan. Gaur eramango dute epailearen aurrera.
Bestalde, 50 urteko gizon bat atxilotu zuten udaltzainek larunbatean, indarkeria eta sexu-eraso jarraituen delitu baten ustezko egilea zelakoan, genero-indarkeriarekin lotuta.
16:00 aldera, Adurtza auzoko etxebizitza batean emakume bat arriskuan egon zitekeela jakinarazi zieten udaltzainei. Patruila bat bertara gerturatu zen, eta emakumearekin eta haren bikotekidearekin hitz egin zuen. Etengabe irainak eta eraso fisikoak zein sexualak jasaten zituela kontatu zuen emakumeak, eta goiz hartan bertan eraso egin ziola; lesioak zituen.
Hori guztia ikusita, patruilak gizonezkoa atxilotu zuen. Gizonak, uneoro, eta udaltzainen aurrean, haren emazteari garrasi egiten zion eta hiltzearekin mehatxatzen zuen.
Biktimari ospitale batera lagundu zioten, eta atxilotua epailearen aurrera eraman zuten igandean.