Zertan eragiten die bideojokoen erabilerak nerabeei? Badu ondorio negatiborik hamar urtetik beherako haur batek telefono mugikorra erabiltzeak? Zenbat haurrek erabiltzen dituzte gaur egun gailu horiek?

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) gai horiei erantzun die, eta gailu horiekiko mendekotasunak sortzen dituzten gazteen bizi-kalitateari eta okertzeari buruzko txosten zehatza egin du.

Zehazki, Euskal Herriko Unibertsitateko, Errioxako Nazioarteko Unibertsitateko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko eta Deustuko Unibertsitateko ikertzaileek Ziberpsikologia Taldearen esparruan egindako azterlan batean lehen aldiz erlazionatu dira Interneten erabilera problematikoa eta Internet bidezko jokoaren nahasmendua, batera, nerabeen osasunarekin lotutako bizi-kalitate txarragoarekin, hau da, ongizate fisiko, mental eta sozial okerragoa izatearekin. Bi arazo horiek ugaritzen ari dira nerabeengan. Juan Manuel Machimbarrena UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak espainiar estatuko 7 eskualdetako 16 ikastetxetan 11-18 urte bitarteko 2.024 gazterekin egin den azterlanean parte hartu du.

Ikertzailearen hitzetan: "Ezin dugu kausalitaterik ondorioztatu. Badakigu une jakin batean bi arazo horiek aldi berean dituen jendeak bizi-kalitate txarragoa duela. Alabaina, baliteke jende horrek bizi-kalitate txarragoa duelako izatea arazo horiek, edo arazo horiek dituelako izatea bizi-kalitate txarragoa”. Bestalde, ikusi dute “korrelazio handia dagoela Internet modu problematikoan erabiltzen duten eta bideojokoekin arazoak dituzten pertsonen artean”. “Baina, era berean, badago jendea aldartea erregulatzeko biak erabiltzen dituena, inolako arazorik izan gabe. Horrek esan nahi du Internet edo bideojokoak maiz erabiltzen dituzten guztiek ez dutela arazo bat”.