Arriskuak saihesteko eta emakumeak babesteko, Itaia Gasteizek etxeratze kolektiboa izeneko topaketa antolatu du, Lakuako festetan parte hartzen duten emakumeak ondoren euren etxeetara laguntzarekin eta babestuta itzul daitezen. Horrela, gaur eta bihar Lakuako jaietan parte hartu eta gozatzen duten emakume guztiak etxera itzuli ahal izango dira goizaldeko ordu bietan edo goizaldeko lauretan lagundurik, Barruatiko hesian bakarrik egon beharko dute, eta han emakume talde bat egongo da haien zain etxerako ibilbideari laguntzeko.

Gasteizen ospatutako jai baten artxiboko-irudia. | ARGAZKIA: JORGE MUÑOZ

“Udan gaude jadanik eta honekin jai desberdinak ospatzen dira auzo desberdinetan. Testuinguru honek emakume langileon kontrako indarkeria areagotu egiten du, hipersexualizazioa, drogen kontsumo edo harreman-ereduen ondorioz. Emakume langileon babeserako tresnak garatzea urgentziazkoa dela ulertuta, Gasteizko Itaiatik Etxeratze Kolektiboak jarriko ditugu martxan Lakuako jaietan”, azaldu zuten atzo bertako kideek. Horrela, azaldu duten bezala, bi aukera posible dira, gaurko eta biharko ordu bietan eta lauretan.

Gaineratu zutenez, aukera horren helburua da emakumeen segurtasunean laguntzea, bereziki sexu-erasoak saihesteko. “Etxera-tze kolektiboak erasoak saihesteko eta emakume langileok etxera seguru itzultzeko tresna da. Ordu zeha-tzetan etxera taldean itzultzeko aukera eskaintzen du. Tresna honen helburuak indarkeria matxista desagertzeko aurrerapausuak eman eta emakume langileok independentziaz antolatzeko gaitasuna handitzea dira. Bakarrik itzuliko zara etxera eta laguntza nahi duzu? Lagunekin itzuliko zara eta norbait laguntzeko prest zaudete? Hurbildu egun horretan zehaztuta dauden orduetan etxeratze kolektiboen gunera”, animatu dute.

Horrela, Itaiak lagundu, babestu eta kontzientziatu nahi du emakumeen babesari buruz, bereziki jaietan, etxeetara itzultzean izaten diren eraso matxista edo sexualak saihesteko. Hain zuzen, laguntza hori gaur antolatu dute, baina hiriko hainbat auzotan ere antolatu dute, emakume guztiei segurtasuna ematen jarraitzeko. Lagundu nahi duten emakumeek ere talde honetan parte hartzeko aukera eskain-tzen dute, eta horrela batak besteari laguntzeko.

Emakumeen babes horrek garrantzi handiagoa hartzen du, batez ere indarkeria matxistak gora egin ondoren, erregistratutako azken datuen arabera. DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkariak joan den osteguneko edizioan jakinarazi zuenez, Gasteizko Udaltzaingoaren aurrean salatutako indarkeria matxista motak nabarmen hazi ziren joan den 2021ean, aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Errealitate “kezkagarria” da, Marian Gutierrez Herritarren Segurtasunerako arduradunak batzordean onartu zuenez, baina “oso zabalduta dago Estatuan, eta gero eta emakume gehiagok salatzen dute sexu-askatasunaren aurkako edozein delituren biktima direnean”, gaineratu zuen.