Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren produkzioa %3,4 hazi da urrian aurreko urteko hil beraren aldean, lan egutegi homogeneoari dagokionez, eta %0,9 aurreko hilarekin alderatuz gero, urtaroen eragina zuzendu ondoren, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera.

Ondasunen helburu ekonomikoaren arabera, produkzioak urte arteko portaera positiboa izan du urrian kontsumo ondasunetan, eta produkzioa %1,9 handitu da sektore osoa kontuan hartuta.

Ekipamenduko ondasunen produkzioa %7,3 handitu da aurreko urteko urriaren aldean, eta bitarteko ondasunetan produkzioa %0,5 handitu da. Energiaren produkzioari dagokionez, %10,1 handitu da urrian aurreko urteko hil beraren aldean.

Lurraldeka, industria produkzioaren indizearen urte arteko bilakaera negatiboa izan da Araban, %4,9ko murrizketarekin, eta Bizkaian eta Gipuzkoan, aldiz, produkzioak %6,7 eta %4,8 egin du gora, hurrenez hurren.

Maila bereiziagoan, EAEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, energia elektrikoa, gasa eta lurruna (+%22,1), garraio materiala (+%13,5) eta material eta ekipo elektrikoa (+%10,8) sektoreetan izan dira hazkunderik handienak urrian urte artean. Kontrako zentzuan, ,akineria eta ekipoa sektorean %0,5 murriztu da produkzioa urrian urte batetik bestera.

Bestalde, industria produkzioaren indizea %0,6 jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan 2025. urteko lehen hamar hilabeteetako balantze metatuan.

Energian produkzio metatua %3,6 jaitsi da urrira arte, eta bitarteko ondasunetan %1,5. Kontsumo ondasunak eta ekipamenduko ondasunak sektoreetan, aldiz, produkzioa %1,3 eta %0,5 igo da, hurrenez hurren, aurreko urteko aldi metatu berarekin alderatuta.

Lurralde historikoen arabera, 2025eko lehenengo hamar hilabeteetako balantze metatua positiboa izan da Gipuzkoan, produkzioa %0,8 igo baita. Bizkaian, produkzio metatua konstante mantendu da, eta Araban, aldiz, produkzioa %4,4 jaitsi da, aurreko urteko aldi metatu beraren aldean.