Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak onetsi du 2,5 milioi euroko ekarpen ekonomikoa egitea Gasteizko Udalari, lurralde historikoko biztanle guztiengan eragina duten hiriko erabilera publikoko azpiegitura eta eraikuntzetan inbertsioak finantzatzeko.

Foru erakundeak jakinarazi duenez, emakidaren arrazoia da Gasteizko udalerriak eskaintzen dituen zerbitzu publiko batzuk lurraldeko beste udalerri batzuetan bizi diren pertsonek ere erabili ohi dituztela, gasteiztarrekin batera.

Horrela, Gasteizen arabar guztientzako kirol, aisialdi, kultura, hezkuntza, osasun, garraio edo zabortegi azpiegiturak daudenez, udal aurrekontuak bere gain hartu behar ditu lurralde izaerako azpiegitura horiei lotutako gastuak.

Testuinguru horretan, Arabako Foru Aldundiak azpiegiturak mantentzen eta hobetzen lagundu nahi du, Gasteizen egon arren, lurralde historiko osoan zerbitzu publikoen bidez bizi kalitate hobea eskaintzen laguntzen baitute.

Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Sailak proposatuta onetsi den erabakiak lurraldean eragina izango duten hainbat inbertsio estrategiko egitea aurreikusten du hirian, besteak beste, industrialdeetan eta toki erakunde txikietan eraberritze lanak eta asfaltatze integralak egitea, eta kirol instalazioetan inbertsioak egitea, besteak beste, Olaranbe eta Zaramagako futbol zelaietan.

Orobat, diruz lagunduko dira Alavabusek hirian dituen geltokiak egokitzeko obrak eta lurraldearen gainerako lekuetatik hiriburura sartzeko guneetako argiteria publikoa hobetzeko inbertsioak, besteak beste.