Arabako Ogasunaren zerga arloko informazio telefoniko eta telematikoko zerbitzuak 79.177 kontsultari erantzun zien 2024an. Horietatik 77.177 kontratatutako zerbitzuak zuzenean ebatzi zituen, eta gainerakoak foru erakundeko zerbitzuetara bidali ziren, zailtasun handiagoa zutelako.

Horrela jakinarazi du Itziar Gonzalo Arabnako Foru Aldundiko Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko diputatuak, Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

Kontsulta gehienak telefonoz egin ziren, 75.318, hain zuzen ere, eta gainerako 3.859ak posta elektroniko bidez. Aurreko urtean bezala, kontsulta asko mutualitateetan kotizatu zuten pertsonen erreklamazioei buruzkoak izan ziren 2024an.

Zerbitzuak aurretiazko hitzorduak eskaintzen ditu Arabako Foru Ogasunean izapideak egiteko, hala nola errolda ereduak, ibilgailu erabilien eskualdatzeak, tributuen likidazioei buruzko informazioa jasotzea edo Ogasunarekiko betebeharrak egunean izatearen ziurtagiriak.

Kontsulta gehienak telefonoz egin ziren, 75.318, hain zuzen ere, eta gainerako 3.859ak posta elektroniko bidez. Aurreko urtean bezala, kontsulta asko mutualitateetan kotizatu zuten pertsonen erreklamazioei buruzkoak izan ziren 2024an

Dei gehien jasotzen diren garaiari dagokionez, foru arduradunak azaldu duenez, "apirilean erregistratzen da dei gehien, errenta kanpainaren aurkezpenarekin bat etorriz". Arabako Foru Ogasunak 367.798,86 euroko inbertsioa egiten du urtean zerbitzu hori emateko.

BESTE GAI BATZUK

Bestalde, Gasteizko Udalak laguntzen lerro bat jarri du martxan nekazaritzako ekoizpenaren eta banaketaren sektorean enplegua sortzea sustatzeko, 270.000 euroko zuzkidurarekin. Udal gobernuaren eta EH Bildu taldearen arteko 2025eko aurrekontu akordioari esker gauzatu ahal izango da deialdia.

Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak eta Ekaitz Diaz de Garaio EH Bilduko zinegotziak aurkeztu dute laguntzen lerro berria asteazken honetan.

Nanclaresen hitzetan, "ekimen honen bidez, Gasteizko Udalak berretsi egiten du nekazaritza sektorearekin duen konpromisoa, pertsonen kontratazioa sustatuz eta garapen ekonomikorako funtsezkoak diren gure nekazaritza enpresak modernizatzeko balio duten inbertsioak diruz lagunduz".