Batzar Nagusietan Ogasun Batzordean aurkeztu den zerga berrikuspenerako foru arau proiektuak PFEZaren hobariak hobetzea planteatzen du errenta txikienentzat. Aldaketak proposatzen du ezen laneko diru sarrera gordinen eta Gizarte Segurantzak eragindako gastuaren arteko aldea 14.800 eurokoa edo txikiagoa denean hobari bat aplikatzea, hau da, gastu gehigarri bat.

“Hobaria 3.000 euroko gutxieneko zenbatekoarekin modulatu da, eta 8.000 eurora ere irits daiteke. Orain arte, 3.000 eta 4.650 euro artekoa zen hobaria. Aldaketa horrek errentarik apalenetan eragiten du bereziki, eta zergaren progresibitatea hobetzen laguntzen du", azaldu du Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak.

Foru diputatuak bere hitzaldian azpimarratu duenez, "neurri honen eragina 15,2 milioi eurokoa da, eta 50.336 aitorpeni eragiten die".

Zerga berrikuspenerako foru arau proiektuaren helburua da zerga sistemaren progresibitatean aurrera egiten jarraitzea, eta Arabako ekonomia eta gizarte sarearen berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko apustuari eustea. Itziar Gonzaloren ustez, proiektu honek "erronka berriei erantzuten die, hala nola demografiari, etxebizitza eskuratzeko zailtasunari, klima aldaketaren aurkako borrokari edo gizarte kohesioa hobetzeari, funtsezkoak baitira lurraldearen oparotasunaren eta garapen ekonomikoaren oinarri izateko".

Horiek horrela, proiektuak neurri batzuk jasotzen ditu gizarte kohesioa sustatze aldera, hala nola PFEZa aitortzeko betebeharra 19.000 eurora igotzea, errenta txikienen tributazioa hobetzeko.

Halaber, dokumentuak benetako berdintasun eraginkorra sustatzen duten ekimenak garatzen ditu kontziliazioa hobetzeko, erantzukizun profesionalen eta familiarren arteko bidezko oreka bermatze aldera. Horregatik, emakumearen diskriminazio positiboaren aldeko apustua egiten da, kenkarien ehuneko jakin batzuk handituz edo kenkari berriak sortuz, hala nola adingabeak zaindu ondoren (eszedentzia/lanaldi murrizketa) lan merkatura itzultzeagatik aplikatuko dena, 1.200 eurokoa emakumeentzat eta 1.500 eurokoa gizonentzat.

BESTE DATU BATZUK

Hartara, sozietateen gaineko zergan kontziliazioaren aldeko neurriak ezartzen dituzten enpresak sustatzea proposatzen da. Kenkaria % 5ekoa izango da, muga 2.500 eurokoa dela, kontziliazio plan bat ezartzeagatik, eta % 15era igo ahal izango da, muga 7.500 eurokoa dela, plantillaren heren bat neurriei atxikitzen bazaie. Erakundea mikroenpresa edo enpresa txikia bada, aurreko kenkariak % 5 handituko dira.

Etxebizitzaren arloan, errentamendua bultzatzen da, arrazoizko alokairuaren eskaintza handitzeko zerga pizgarriak indartuz. Errentarien kasuan, handitu egiten da talde jakin batzuei aplikatu beharreko kenkariaren ehunekoa. Gazteen kasuan, atalasea 36 urte bete arte igotzen da, eta % 35eraino gehitzen da.

Gazteentzako etxebizitza alokatzearen kenkariaren ehunekoaren igoera hori, beste neurri batzuekin batera, gazteen emantzipazioa bultzatzeko ezarri da. Hala, neurri horrekin batera, etxebizitza kontuaren epea 6 urtetik 10 urtera luzatzen da, eta etxebizitza erostearen 8.500 euroko inbertsioaren lehenengo urteko gehieneko muga kentzen da.

Errentariaren kasuan, handitu egin da ohiko etxebizitza alokatzearen kenkariaren ehunekoa talde zaurgarrienentzat % 35eko kenkariarekin, muga 2.800 eurokoa dela. Familia ugarientzako ohiko etxebizitza alokatzearen kenkaria ere handitu da, % 25etik % 30era, muga 2.000 eurotik 2.400 eurora bitartekoa dela.