Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ondasunen esportazioek 2.990 milioi euroko balioa izan dute maiatzean, hau da, aurreko urtean baino %5,8 gehiago, orduan 2.827 milioi eurokoak izan baitziren. Ondasun energetikoen esportazioak %170,3 handitu dira, eta ez-energetikoenak %1,2 murriztu.
Eustat euskal estatistika erakundeak ostiral honetan jakinarazitako datuen arabera, lurraldeka, esportazioek %17,6 egin dute behera maiatzean Araban, baina Bizkaian %16,4 eta Gipuzkoan %18,4 gehitu dira.
Bestalde, EAEko ondasunen inportazioek %2,8ko jaitsiera izan dute maiatzean, eta 2.402 milioi eurora heldu dira. Inportazio energetikoak %36,9 hazi dira, eta ez-energetikoak %13,2 murriztu. Araban inportazioak %11,3 jaitsi dira, eta Gipuzkoan %6,0, baina Bizkaian %1,5 igo.
Modu honetan, esportazioak eta inportazioak kontuan izanda, EAEko merkataritza saldoa positiboa izan da maiatzean, 588 milioi eurokoa, hain zuzen, eta estaldura tasa %124,5ekoa.
Frantzia (433,7 milioi euroko ondasunak esportatu dira), Alemania (397,3 milioi euro), Erresuma Batua (246,5 milioi euro), AEB (227,6 milioi euro) eta Italia (185,9 milioi euro) daude zerrenda esportatzailearen lehen postuetan maiatzean.
Bestalde, EAEko esportazioek %8,1eko jaitsiera izan dute urteko lehen bost hilabeteetan EAEn, aurreko urteko aldi beraren aldean, hau da, 1.146 milioi euro gutxiago izan dira. Esportazioen zenbateko osoa 13.056,3 milioi eurokoa izan da aldi horretan. Bizkaiko esportazioak izan dira EAEko handienak (5.112,7 milioi euro), eta ondoren Gipuzkoakoak (4.0177,0 miloi) eta Arabakoak (3.766,6 milioi).
Lehen bost hilabeteetako sailkapenaren arabera, Frantzia da herrialde hartzaile nagusia, esportatutako guztizkoaren %16,5ekin, eta ondoren daude Alemania (%14,4) eta Erresuma Batua (%7,3). Horrela, hiru herrialde horien artean euskal esportazioen %38,1 bildu da urteko lehen bost hilabeteetan.
Era berean, EAE osorako inportazioen metatua 11.553,3 milioi euro ingurukoa izan da urtarriletik maiatzera, aurreko urteko aldi berean baino 284,4 milioi euro gutxiago da.
Hein handi batean, Araban aldi horretan %9,5eko beherapena eman zelako gertatu da jaitsiera (2.389 milioi euroko inportazio metatuak), hau da, 2023ko aldi berean baino 251,6 milioi gutxiago. Gipuzkoaren inportazioek ere atzera egin dute, 66 milioi gutxiago, eta guztira 2.223,9 milioi izan dira, eta Bizkaian hazi egin dira (33,3 milioi gehiago), guztira 6.940,5 milioi eurora iritsiz.
Azkenik, EAEko ondasunen kanpo merkataritzak 1.503 milioi euroko saldo positiboa izan du 2024ko urtarriletik maiatzera, eta estaldura tasa %113 izatera heldu da.