Eusko Jaurlaritzak errelebo kontratua luzatzea onartu du EAEko lan kontratuko langile finkoentzat. Eusko Jaurlaritzak une oro agertu du konpromisoa neurri hori 2024an ere ezarrita egon dadin, eta prest dago gehiengoaren akordio batera iristeko, Administrazioko langile publikoen lan baldintzak hobetzeko.
Neurri hau sinatzeko Administrazioaren Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatuei egindako deialdira CCOO eta UGT bakarrik joan dira. ELAk eta LABek uko egin diote neurri hori babesteari, nahiz eta Funtzio Publikoko arduradunek behin eta berriz saiatu diren adostasunera biltzen.
Egun abian da EAEko Administrazio Orokorreko enplegatu publikoak finkatzeko prozesua. Hurrengo egunetan, lehenengo plazak esleituko dira eta prozesua 2024. urtearen amaieran osatuko da. Horren ondorioz, ia ez da aldi baterako lan kontratuko langileentzako plazarik geratuko, eta behin-behinekotasuna %8tik behera murriztuko da, de facto. Beraz, neurri hori Administrazioko ia lan kontratuko langile finko guztiei zabaldu ahal izango zaie.
Azken hilabeteetan, gainera, Funtzio Publikoak Mahai Orokorrera jo du langile publikoen baldintzak hobetzeko proposamenekin. Proposamen horien helburua izan da enplegu publikoaren legearen erregelamendu bidezko garapena osatzea, enplegu publikoaren eskaintza eta deialdi berriak egiteko konpromisoa hartzea, baimenak eta lizentziak hobetzea edo karrera profesionala ezartzea, besteak beste. Administrazioko sindikatu nagusiek etengabe baztertu dituzte horiek, eta horien artean errelebo kontratuaren luzapena.
Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko sailburuordeak beti izan du harremana sindikatuetako ordezkariekin, egoera desblokeatzeko eta sindikatuak akordiora batzeko, hala errelebo kontratuaren proposamenaren inguruan nola gainerako proposamenei ahalik eta babes handiena emateko.
Funtzio Publikoko Sailburuordeak adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak une oro eutsi dio negoziatzeko eta akordioak lortzeko borondateari. Hala ere, errelebo kontratuaren kasuan, zenbait sindikaturen jarrera ez da arduratsua izan. Ez dugu uste arduratsua denik Gobernuaren aurkako jarrera hartzea Euskal Administrazioko langileen mesederako diren akordioak babesik gabe utziz, ezta Jaurlaritza higatu nahi izatea jarduera sindikalaren berezko lana bere gain hartu gabe".
Era berean, Sailburuordeak gaineratu duenez, "Gobernu honek, gertakariak ikusita, irmotasun osoz esan dezake eragile aktibo nagusia dela bere zerbitzari publikoen lan baldintzak hobetzeari dagokionez eta baita horiek emandako zerbitzu publikoaren mesedetan lan egiten jarraitzeari dagokionez ere". Honenbestez, dei egiten die behin eta berriro Jaurlaritzarekin adostasunak lortzeari uko egiten duten sindikatuei “gatazka iraunkorraren estrategia utzi eta akordioen alde egin dezaten”.
Gatazka iraunkorreko estrategia horrek sektore publikoan sindikatuek deitutako azken hiru grebetan 10etik 1en babesa besterik ez du lortu Administrazio Orokorrean, Justizian, Osakidetzan eta Segurtasunean. Hau da, 10 langile publikotik 9 normaltasunez joan ziren beren lanpostura. Hezkuntza izan da greba deialdiak jarraipen handiagoa izan duen esparrua, %40tik beherakoa beti.