Ekonomiaren Garapen eta Ingurumen Sailaren eskutik bi dirulaguntza programa onartu ditu Gobernu Kontseiluak gaurkoan. Batetik, Industria Deskarbonizatzeko programa onartu da, 20 milioi euroko aurrekontu-prebisioarekin.

Helburua da industria-enpresei laguntzea berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko aukera ematen duten ekoizpen-instalazioetan, instalazio berrietan edo lehendik daudenetan, inbertsioak egin ditzaten, bai energia-kontsumoaren ondoriozkoak, bai ekoizpen-prozesuen ondoriozkoak. Europar Batasunaren Itun Berdeak helburu gisa ezarri zuen Europa klimaren aldetik neutroa den lehen kontinentea izatea hemendik 2050era eta berotegi-efektuko emisioak gutxienez %55 murriztea.

“Hori da Eusko Jaurlaritzaren Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Planean eta Euskadiko Legebiltzarrak aurten berretsitako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean hartzen den konpromisoa; baina klima-neutraltasunaren helburu hori lortzeko, ahalegin handiak egin beharko dira Euskadiko esparru ekonomikoetan, batez ere industria-sarean, industria-instalazioak deskarbonizatzeko inbertsioei aurre egin beharko baitie, hori dela eta, Jaurlaritzak 20 milioi horiek gaitu ditu enpresei zeregin horretan laguntzeko” azaldu du Zupiriak.

Bestetik, Gobernu Kontseiluak 20.000.000 euroko gastua egiteko baimena eman du, INDARTU 2024 PROGRAMA diruz laguntzeko. Programa honek helburu du hobekuntza lehiakorra eta garapen ekonomikoa ekarriko duten inbertsio produktiboak egiten dituzten enpresak laguntzea.

INDARTU 2024 programak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak eskaintzen ditu. “Ezkerralde Hedatua eta langabezia-tasaren urteko batez bestekoa %5 baino handiagoa duten Erkidegoko udalerriak sustatu nahi ditu programak, enplegua sortzen duen inbertsio produktiboak sustatzea baita Eusko Jaurlaritzaren jardutea bideratzen duen funtsezko ardatz estrategikoetako bat” gaineratu du bozeramaileak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, urtero, enpresentzako laguntza-sortaren barruan, INDARTU programa deitzen du, eta ezaugarri hauek ditu: 1) laguntzak bideratzen dituen zonalde geografikoetan, enpresa berrien nahiz dagoeneko dauden enpresen inbertsio produktiboa sustatzea, 2) zonaldearen araberako diskriminazio positibo bat egitea, langabezia-egoera larriagoa bizi duten zonalde zehatzei zuzendua, 3) inbertsioak behar bezala diruz laguntzeko beharra azpimarratzea eta 4) enpresa bakoitzeko gehienez 3 milioi euroko diru-laguntza finkatzea.