Tapia sailburuak jakinarazi du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2024ko ekitaldian Euskadiko klusterren antolakunde dinamizatzaileak babesteko emango diren laguntzak aurkeztu dituela, aurretiaz. 3.868.000 euro onartu dira, eta joan den astean aurkeztu zen —eta oraingoan 16 euskal klusterren lana bultzatuko duen— ETEentzako Laguntza Planari gehituko zaizkio.“Aurreko astean azpimarratu bezala, Jaurlaritzaren helburua da ekonomia eta enplegua suspertzeko diru laguntzak ahalik eta modu azkarrenean kaleratzea.

"Nazioarte mailan bizi den ziurgabetasun egoerari zailtasun gehiago jarri beharrean, asmoa da urte hasieratik laguntzen kudeaketarekin hastea” azpimarratu du Tapiak. Sailburuak gaineratu du egungo kluster taldera laster finantza eta inbertsio klusterra batzea aurreikusten dutela".

Euskadiko klusterren antolakunde dinamizatzaileentzako laguntza horiek, beraz, euskal enpresen lehiakortasuna lankidetzaren bidez handitzeko helburu estrategikoaren barruan sartzen dira. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak klusterrentzako laguntzen aurrerapena gaineratu dio ETEentzako Laguntza Planari, euskal enpresen lehiakortasuna lankidetzaren bidez sustatzeko eta handitzeko, eta euskal industriak tentsio handiko ingurune konplexu honetan dituen erronkei erantzuteko.

Tapiak azaldu duenez, atlasak modu "ordenatuan" eta" dokumentatuan" laburbiltzen ditu Euskadin industriaren garapenaren alde hartutako erabaki estrategiko guztiak. 80ko hamarkadako industria-birmoldaketatik hasita, industria aurreratuaren egungo estrategiara artekoa, berregituraketa-ekimenak, politika teknologikoaren lehen urratsak, energia-politikak, industrialdeen sorrera eta garapena, parke teknologikoak, nazioartekotze estrategiak, berrikuntzaren sustapena, kalitate-alderdien txertaketa… barne hartuta. Hau da, unean uneko beharrizan bakoitzari erantzuteko sortutako programa guztiak jasotzen dira atlasean.