Esportazioak % 0,7 jaitsi dira 2023ko urrian Euskal AEn; jaitsierarik txikiena izan da apirilaz geroztik
Urteko metatuari dagokionez, esportazioak 27.000 milioi eurotik gorakoak izan dira, eta % 0,2ko igoera izan dute aurreko urtekoekin alderatuta
Eustaten datuen arabera, Euskal AEko ondasunen esportazioek (2.814 milioi euro) % 0,7ko beherakada nominala izan dute 2023ko urrian, aurreko urteko hil berarekin alderatuta, batez ere produktu energetikoek % 35,4ko beherakada izan dutelako. Produktu ez-energetikoek, berriz, % 2,5eko igoera izan dute.
Inportazioen kasuan (2.229 milioi euro), % 12,6ko beherakada gertatu da. Inportazio ez-energetikoek % 7,6ko beherakada izan dute, eta inportazio energetikoek % 25,0koa. Azken inportazioen kasuan urtetik urterako alderaketa inportatutako tonekin egiten badugu, beherakada % 22,1ekoa izan da.
Merkataritza-saldoa positiboa izan da, eta 584,7 milioi euro ingurura iritsi da. Horrela, beraz, % 126,2ko estaldura-tasa ahalbidetu da.
Urrian erregistratutako hazkunde-tasa negatiboa Bizkaiko lurraldean izandako jaitsiera handiak baldintzatu du (% 8,2ko jaitsiera). Araban, tasa horrek % 7,8ko igoera izan du, eta Gipuzkoan, berriz, % 0,5ekoa. Bizkaiaren kasuan, esportazio energetikoek % 35,8ko beherakada izan dute aurreko urteko hil berarekin alderatuta. Lurralde horretan, azken zortzi hilabetetan erregistratu dira tasa negatiboak.
Araban, esportaziorik handienak honako hauetan egin dira nagusiki: “Garraio-materiala” (guztizkoaren % 60,7), % 10,9ko igoerarekin eta guztira 573,4 milioi euroko esportazioekin; eta ”Metalak eta haien manufakturak” (guztizkoaren % 14,5), % 13,9ko jaitsierarekin; horiek izan dira urriko “muga-zergen bi sekziorik” garrantzitsuenak. Igoera handia izan duen partida bat “Material, makina eta aparatu elektrikoak” izan da berriz ere (% 42,2ko igoera). Partida horretan, esportazioen balioa 63,1 milioi eurora iritsi da.
Gipuzkoan, nazioarteko merkataritzaren hiru laurden (% 75,7) muga-zergen hiru sekziotan bildu da, urtetik urterako alderaketan portaera desberdina izan badute ere: “Material, makina eta aparatu elektrikoak” (% 10,1), “Garraio-materiala” (% 25,1) eta “Metalak eta haien manufakturak” (-% 15,0).
Bizkaiaren kasuan, esportazioek gora egin dute ”Garraio-materiala” sekzioan (% 27,6), baina jaitsiera esanguratsuak izan dituzte “Produktu mineral eta energetikoak” sekzioan (-% 32,6). Azken kasu horretan, aurreko urteko hil berean baino 77,3 milioi euro gutxiago izan dira, eta 159,7 milioi euro izan dira guztira. Hortaz, 117 mila tona gutxiago esportatu dira.
2023ko urrian, bost herrialde (Alemania, Frantzia, Belgika, Ameriketako Estatu Batuak eta Erresuma Batua) izan dira Euskal AEko bezero nagusien taldea osatu dutenak, esportazio guztien % 51,2 hartu baitituzte (1.441,2 milioi euro). Herrialde horietako hiru EB-27koak dira (entitate horrek guztizkoaren % 64,2 bildu du).
Alemania esportazioen sailkapeneko lehen tokian geratu da, 453,3 milioi eurorekin, eta jasotzen dituen 396 produktu moten artean, automobilaren sektoreari lotutakoak nabarmendu dira: “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (114,6 milioi euro), “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (82,9 milioi euro), “Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak” (35,9 milioi euro) eta “Kautxuzko pneumatiko berriak” (22,8 milioi euro).
Frantziara egindako esportazioen zenbatekoa 415,5 milioi eurora iritsi da, eta honako hauetan egin dira nagusiki: “Petrolioaren olio finduak” (53,6 milioi euro), “Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak” (27,1 milioi euro), “Kautxuzko pneumatiko berriak” (26,6 milioi euro), “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (22,1 milioi euro) eta “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (16,8 milioi euro). 671 produktu mota esportatu dira guztira.
Belgikara 210,9 milioi euroko esportazioak egin dira, eta honako hauek nagusitu dira egindako transakzioetan: “Petrolioaren olio finduak” (54,3 milioi euro), “Muga-zergan berariaz jasota ez dauden salgaiak” (35,6 milioi euro), “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (30,2 milioi euro), “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (17,9 milioi euro) eta “Trenbideetarako automotorrak eta tranbia autopropultsatuak” (13,6 milioi euro). Guztira, 266 produktu izan dira.
Laugarren tokian Ameriketako Estatu Batuak kokatu dira, 181,3 milioi eurorekin, eta esportazioak honako partida hauetan egin dira: “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (31,2 milioi euro), “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (14,8 milioi euro), “Soldadurarik gabeko burdinazko edo altzairuzko hodi eta profil hutsak” (13,9 milioi euro) eta “Biodiesela eta haren nahasteak” (13,4 milioi euro). Guztira, 344 produktu mota izan dira.
Temas
Más en Economía
-
Euskadi propone ayudas excepcionales por la crisis arancelaria y reforzar en la UE salvaguardas comerciales
-
El Gobierno vasco impulsa un HUB de Industrialización de la Vivienda y anuncia un certificado oficial para 2026
-
Euskadi reduce su brecha salarial de género al 12,81% en 2023, cuatro puntos desde 2022 y casi diez respecto a 2018
-
EH Bildu pide celeridad para que Vitoria pueda limitar los precios del alquiler