Síguenos en redes sociales:

Bioteknologiako I+Gren gastua %9,8 gehitu da 2022an

156,2 milioi eurokoa izan da, historiako handiena

Bioteknologiako I+Gren gastua %9,8 gehitu da 2022anArchivo

Euskal Autonomia Erkidegoan, bioteknologiarekin lotutako jardueretako I+Gko barne-gastua 156,2 milioi eurokoa izan zen 2022an, 2021ean baino %9,8 gehiago, eta serie historikoko gasturik handiena izan zen, Eustaten datuen arabera.

2022an bioteknologian egindako gastuaren 156,2 milioi horiek 14 milioi euroko igoera ekarri dute 2021ekoen aldean. Gainera, ia bikoiztu egin dituzte, besteak beste, 2007an esleitutako gastuak (80,8 milioi euro), eskuragarri dagoen serie historikoaren lehen urtean, edo, data berriago bat aipatzearren, 2016koak (84,7 milioi euro).

Barneko I+Gko guztizko gastuaren %8,7 izan zen bioteknologiako gastua 2022an, eta, neurrian baina modu iraunkorrean, azken urteotan gero eta garrantzi handiagoa hartu du I+Gko gastu guztien artean. Hala, 2015ean guztizkoaren %6,7 zen, 2018an %7,9 eta 2020an %8,5.

Enplegatuak 2.715 izan ziren, eta dedikazio osoko baliokidetzan (DOB) diharduten langileak 1.740. Bioteknologiako DOBko langile horiek %4,4 egin dute gora aurreko urtearen aldean, eta DOBan langile guztien %8,0 dira I+Gn. Ikertzaile gisa, 1.271 pertsonak lan egin zuten DOBan, aurreko urtearen aldean, %2,1eko gehikuntza.

Azpimarratu behar da DOBko langileen datu horiek 2007an hasitako serie historikoko handienak direla, gastuarenak baino neurri handiagoan. Hain zuzen ere, 2022ko DOBko langileek bikoiztu egin dute 2007koa (779 pertsona), nahiz eta aldian zehar haien progresioa gastuarena baino mailakatuagoa izan den.

Era berean, eta aurreko urteetan gertatu bezala, aipatzekoa da I+Gko adar horretan emakumeen presentzia, izan ere, 2022an bioteknologian lanaldi osoan lan egin zuten pertsona guztien %59,8 izan da.

100 erakundek, horietatik 95 enpresak, bioteknologiako ikerketa-jarduerak egin zituzten 2022an. Gainera, 100 erakunde horietatik 72k barneko I+Gko gastuaren %100 bioteknologiara bideratu zuten.

Bioteknologiako barneko I+G jardueren guztizko gastuaren gaineko ehunekorik handiena enpresen sektoreak kontzentratu zuen (%69,3), 2021ekoa baino pixka bat handiagoa (%68,6).

Gainerako sektoreek, gainerako gastuaren %30,7 egikaritu zuten 2022an: goi-mailako irakaskuntzak %24,5 eta administrazio publikoak %6,2.

Funtsen jatorriaren arabera, bioteknologiarekin lotutako barneko I+G jarduerak 2022an finantzatu ziren, batez ere, Administrazio publikoaren funtsekin (%52,3) eta Enpresen funtsekin (%37,5). Gainerakoa Atzerriko funtsek (%7,8), Goi-mailako irakaskuntzak (%1,9) eta Mozkin asmorik gabeko erakunde pribatuek (%0,5) finantzatu zuten.

Bioteknologiako ikerketan lortutako produktuen aplikazio-eremuei dagokienez, Giza osasuna nabarmentzen da, guztizko gastuaren %75,5. Oso urrun, Elikadura eta Animalien osasuna eta akuikultura, %8,9 eta %6,0, hurrenez hurren. Gainerako arloetan – Nekazaritza eta basogintza, Ingurumena eta Industria – gainerako %9,6a antzeko ehunekoetan banatzen da.

Azkenik, 2022an bioteknologiako I+Gko jardueretan aurrera egitea zailtzen duten oztopo nagusien pertzepzioan, Denbora/kostua erlazioa eta Kapital sarbidea nabarmentzen dira, %92 eta %88rekin, hurrenez hurren. Eskakizun arautzaileak hirugarren lekuan daude, %86rekin.