Gobernu Kontseiluak laneratzeko enpresen kalifikazioa arautzen duen eta laneratzeko prozesua amaitutakoan enplegu babestutik ohiko enplegura igarotzea errazten duen dekretua onartu du. Era berean, gehiago izango dira enpresa horiek kontrata ditzaketen pertsonen kolektiboak, eta bazterketa-egoerak egiaztatzeko prozesuak arintzen ditu, izapideak sinplifikatzen baititu.
Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokan funtsezkoa den dekretua berretsi da, enplegua gizarteratzeko eta giza garapenerako funtsezko tresnatzat hartzen duena. Hala, dekretuak legealdi honen hasieratik Lan eta Enplegu Sailak planteatu zuen erronkari erantzuten dio: egoera ahulenean dauden kolektibo guztientzako kalitatezko enplegua lortzea, laneratzeko enpresak sortzea eta mantentzea bultzatuz eta lagunduz. Lan eta Enplegu Sailaren laguntza horri esker, bazterketa-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonek behar diren gaitasunak eta trebetasunak eskura ditzakete enplegu arruntean sartzeko eta bizimodu independentea lortzeko.
Aldaketa nabarmenenak
Egungo testuinguru sozioekonomikoaren beharrak direla eta, beharrezkoa izan da arlo horretako erregulazioa egokitzea. Izan ere, Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren 14/2022 Legea indarrean sartu da, eta Lanbidek zehaztutako enplegu-politika publikoen zerbitzura dagoen administrazio-antolamendua errotik aldatu da. Beraz, onartutako dekretuak aldaketa batzuk egiten dizkio indarrean dagoen 182/2008 Dekretuari. Hauek dira, besteak beste:
- Laneratzeko enpresa batek kontrata ditzakeen pertsonen kolektibo batzuk gehitzea, pertsona behartsuenen babesean sakonduz. Horien artean, honako hauek daude:
- DSBE edo BGDS jaso ezin duten pertsonak, adinaren baldintza ez betetzeagatik.
- Adingabeak babesteko erakundeetatik datozen 16-18 urteko gazteak.
- Baldintzapean askatuak eta preso ohiak.
- Indarkeria matxistaren edo emakumearen aurkako edozein indarkeria-motaren biktima diren emakumeak, laguntza espezifikoak jasotzen dituztenak edo lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenak, harrera-baliabide espezifikoetatik edo bestelako inguruabarretatik etortzeagatik.
- Gizarte-bazterkeriako egoerak egiaztatzeko prozesu eraginkorragoak eta arinagoak ezartzea, izapideak sinplifikatuz edo argituz eta horren guztiaren erdigunean Lanbide jarriz.
- Laneratzeko enpresek bete behar dituzten baldintzak, halakotzat kalifikatzeko prozedura eta kalifikazio horren ondoriozko betebeharrak arautzea.
- Laneratzeko enpresen erregistroaren funtzionamendu-arauak ezartzea.
Dekretua onartzeak berekin dakar laneratzeko enpresei laguntzak emateko beste agindu bat izapidetzea. Laguntza horien artean, dirulaguntza berri bat sartzen da, laneratzeko prozesua amaitutakoan enplegu babestutik enplegu arruntera igarotzea errazteko.