Síguenos en redes sociales:

Euskal AEko industria-prezioak % 1,1 igo dira 2023ko irailean, aurreko hilarekin alderatuta

2022ko irailarekin alderatuta, industria-prezioak % 3,0 jaitsi dira

Euskal AEko industria-prezioak % 1,1 igo dira 2023ko irailean, aurreko hilarekin alderatuta

Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko industria-prezioak % 1,1 igo dira 2023ko irailean, aurreko hilarekin alderatuta. Iraileko urtetik urterako tasak, zeinak jasotzen baitu zer aldakuntza izan duten industria-prezioek azken hamabi hiletan, % 3,0 jaitsi da.

Azterketa zehatzago batek agerian uzten duenez, 2023ko irailean honako sektore hauek izan dituzte igoerarik handienak beren prezioetan aurreko hilarekin alderatuta: Koke-lantegiak eta petrolioa fintzea (% 5,8ko igoera), Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (% 3,8ko igoera) eta Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 3,3ko igoera). Hiletik hilera jaitsierarik handienak izan dituzten sektoreak, berriz, hauek izan dira: Altzariak, beste manufaktura-industria batzuk, konponketa eta instalazioa (% 1,0ko jaitsiera) eta Makineriaren eta ekipoen fabrikazioa (% 0,7ko jaitsiera).

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraikiz, Energiaren prezioak % 5,0 igo dira 2023ko abuztuarekin alderatuta. Bestalde, Ekipo-ondasunen prezioek egonkor jarraitu dute, eta Bitarteko ondasunen prezioek, berriz, % 0,1eko jaitsiera izan dute. Kontsumo-ondasunen prezioek ere % 0,1eko jaitsiera izan dute, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioen % 0,2ko jaitsieraren eta Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioen % 0,4ko igoeraren ondorioz.

Urtetik urtera, 2023ko iraila 2022ko irailarekin alderatuta, jaitsierarik handienak honako adar hauetan gertatu dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 25,2ko jaitsiera), Industria kimikoa (% 7,0ko jaitsiera) eta Koke-lantegiak eta petrolioa fintzea (% 5,6ko jaitsiera). Urtetik urtera prezioetan igoerarik handienak izan dituzten adarrak, berriz, honako hauek izan dira: Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (% 12,1eko igoera), Botiken fabrikazioa (% 11,9ko igoera), Erauzketa-industriak (% 11,5eko igoera) eta Kautxua, plastikoa eta beste produktu mineral ez-metaliko batzuk (% 10,5eko igoera).

Prezioen urtetik urterako aldakuntza positiboa izan da helburu ekonomikoaren arabera sailkatutako ondasun-talde handi guztietan, Energiaren kasuan izan ezik, talde horretan % 16,4 jaitsi baitira prezioak. Kontsumo-ondasunen prezioek % 7,1eko igoera izan dute, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioen % 7,2ko igoeraren eta Kontsumo-ondasun iraunkorren prezioen % 6,0ko igoeraren ondorioz. Ekipo-ondasunen prezioak % 5,2 igo dira, eta, azkenik, Bitarteko ondasunen prezioen kasuan, igoera % 1,7koa izan da.