2022ko urtarrilaren 1ean, Euskal AEn bizi diren 16 urteko eta gehiagoko biztanleen okupazio-tasa % 51,3 izan da; alegia, ehuneko 1,6 puntu egin du gora, 2021arekin alderatuta, Eustaten datuen arabera. Eskualde-mailan, eskualde guztiek izan dituzte hobekuntza esanguratsuak aurreko ekitaldiarekin alderatuta.
Gorbeialdea da okupazio-tasarik altuena duen eskualdea, % 57,4; ehuneko 1,7 puntu igo da, 2021aren aldean. Ondoren, Plentzia-Mungia ageri da, % 55,9ko tasarekin, ehuneko 1,4 puntu egin baitu gora aurreko urtearekin alderatuta. Hirugarrenik, Urola Kosta dago, % 55,8rekin; ehuneko 2 puntu egin du gora.
Udalerrien arabera, eta haien tamaina kontuan hartuta, 5.000 biztanletik beherakoek batez beste okupazio-tasa altua (% 54,3) dute. Talde horretan tasa nabarmen altuak dituzten udalerriak daude, hala nola Orendain (% 68,3), Irura (% 66,9) eta Aduna (% 65,7), bai eta okupazio-tasa baxuenak dituzten udalerriak ere, hala nola Elantxobe (% 41,4), Lanestosa (% 41,7), Sukarrieta (% 42,3) eta Harana eta Ekora (biek % 42,7).
Hurrengo udalerri-estratuan (5.000 eta 10.000 biztanle artean), batez besteko okupazio-tasa % 53,2 izan da. Goiko muturrean Astigarraga eta Urduliz nabarmentzen dira (% 68,3 eta % 60,7, hurrenez hurren). Beheko muturrean, Balmaseda (% 46,6), Lekeitio (%46,9) eta Ondarroa (% 47,5) daude.
10.000 eta 40.000 biztanle bitarteko udalerrien estratuan, batez besteko okupazio-tasa % 52,6 da; Etxebarri nabarmentzen da % 62rekin, eta, ondoren, Sopela % 58,2rekin. Hurrengo estratuan (40.000 biztanle baino gehiago eta 100.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriak), Errenteriak du okupazio-tasarik altuena (% 52,1); ondoren, Irunek (% 50,5) eta, gero, Barakaldok (% 50,4). Estratu horren batezbestekoa % 48,6 da.
Azkenik, hiriburuei dagokienez, Gasteizek du okupazio-tasarik altuena (% 52,7). Donostia dago ondoren, ehuneko 1,5 puntuko aldearekin (% 51), eta Bilbo hirugarren posizioan, % 48,2ko okupazio-tasarekin.
10 landunetik ia 4k bizitoki duten udalerrian egiten dute lan
Euskal AEn landunen % 38,5ek bizitoki duten udalerrian lan egiten dute. Proportzio hori handiagoa da Araban, 10 landunetik 7 baitira (% 69,3), eta txikiagoa Gipuzkoan, bizitoki duten udalerrian 10 landunetik 4k egiten baitute lan (% 36,7), eta Bizkaian, 10etik 3 baitira (% 30,5). Bestalde, landunen % 51,3k beste udalerri batean egiten dute lan beren lurralde historikoaren barruan. Proportzio horiek % 60,1 eta % 54,1 dira Bizkaian eta Gipuzkoan, hurrenez hurren. Araban, biztanle landunen % 16 baino ez.
Hamar landunetik seik baino ez dute goi-prestakuntza
Amaitutako prestakuntza-mailak informazioa gehitzen dio okupazioari eta langabeziari buruzko analisiari. Gaur egun, landunen % 60,2k goi-prestakuntza dute; haren barruan sartzen dira goi-mailako lanbide-heziketa dutenak (% 20,6) eta unibertsitate-hezkuntza dutenak (% 39,6). Langabeetan, hezkuntza-maila hori % 37,5i dagokio: goi-mailako lanbide-heziketa dutenak % 16,5 dira, eta unibertsitate-hezkuntza dutenak % 21. Bestalde, langabeen % 39,1ek lehen mailako ikasketak baino ez dituzte edo ez dute titulaziorik; ehuneko hori askoz ere txikiagoa da landunen artean: % 19,6.
Lanari eta langabeziari dagozkien aldeak sexuaren arabera aztertzean ikusten da gizon landunen artean % 64,5ek goi-mailako hezkuntza dutela; ehuneko hori txikiagoa da emakumeen artean: % 56,8. Langabeen artean, emakumeen % 39k goi-mailako hezkuntza dute; proportzio hori txikiagoa da egoera berean dauden gizonen artean: % 35,7.