Eustatek landutako datuen arabera, Euskal AEko ondasunen esportazioek (2.505 milioi euro) % 6,8ko beherakada nominala izan dute 2023ko uztailean, iazko hil berarekin alderatuta, batez ere produktu energetikoek % 79,2ko beherakada izan dutelako. Produktu ez-energetikoek, berriz, % 4,4ko igoera izan dute.

Inportazioen kasuan (2.277 milioi euro), % 20,3ko beherakada gertatu da. Inportazio ez-energetikoek % 2,4ko beherakada izan dute, eta inportazio energetikoek % 43,1koa. Nolanahi ere, beherakada hori txikiagoa da urtetik urterako alderaketa inportatutako tonekin egiten badugu(-% 3,6). Izan ere, 2022ko uztailean 1.390.344 tona inportatu ziren, eta aurtengo uztailean, berriz, 1.340.809.

2023ko uztailean, merkataritza-saldoa positiboa izan da, eta 228 milioi euro ingurura iritsi da. Horrela, beraz, % 110,0ko estaldura-tasa ahalbidetu da.

Aurtengo uztailean, eta euskal esportazioei dagokienez, Arabak baino ez du hazkunde-tasa positiboa izan, % 17,7koa. Gipuzkoako eta, batez ere, Bizkaiko urtetik urterako tasak, berriz, negatiboak izan dira (-% 6,5 eta -% 22,6, hurrenez hurren). Esportazio ez-energetikoek % 17,7ko igoera izan dute Araban, eta % 4,1ekoa Bizkaian. Gipuzkoan, berriz, % 6,7ko beherakada izan dute. Bizkaiaren kasuan, esportazio energetikoek % 80,1eko beherakada izan dute iazko hil berarekin alderatuta.

Araban, esportaziorik handienak honako hauetan egin dira nagusiki: “Garraio-materiala” (guztizkoaren % 56,2), % 21,1eko igoerarekin eta guztira 477 milioi euroko esportazioekin; eta ”Metalak eta haien manufakturak” (guztizkoaren % 16,3), % 3,7ko igoerarekin; horiek izan dira ekaineko “muga-zergen bi sekziorik” garrantzitsuenak. Igoera handia izan duen partida bat “Material, makina eta aparatu elektrikoak” izan da (% 51,7ko igoera). Partida horretan, esportazioen balioa 67,6 milioi eurora iritsi da.

Gipuzkoan, nazioarteko merkataritzaren hiru laurden baino gehiago (% 76,4) muga-zergen hiru sekziotan bildu da, urtetik urterako alderaketan portaera desberdina izan badute ere: “Material, makina eta aparatu elektrikoak” (-% 15,0), “Garraio-materiala” (% 43,1) eta “Metalak eta haien manufakturak” (-% 13,1).

Bizkaiaren kasuan, gora egin dute ”Garraio-materiala” eta “Material, makina eta aparatu elektrikoak” sekzioek (% 65,1 eta % 19,2, hurrenez hurren). “Produktu mineral eta energetikoak” sekzioak, berriz, beherakada handia izan du (-% 79,3), iazko hil berean baino 287 milioi euro gutxiagorekin eta 292.809 tona gutxiagorekin.

2023ko uztailean, bost herrialde (Alemania, Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak, Italia eta Erresuma Batua) izan dira Euskal AEko bezero nagusien taldea osatu dutenak, esportazio guztien % 51,7 hartu baitituzte (1.295,5 milioi euro). Herrialde horietako hiru EB-27koak dira (entitate horrek guztizkoaren % 62 bildu du).

Alemaniara egindako esportazioak 452,6 milioi eurora iritsi dira hil honetan, eta honako hauek nagusitu dira: “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (121 milioi euro), “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (100 milioi euro) eta “Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak” (25 milioi euro). Guztira, 398 produktu mota izan dira.

Frantziara 644 produktu mota bidali dira (guztira 363,6 milioi euro), eta, haien artean, automobilen sektoreari lotutakoak nabarmendu dira: “Kautxuzko pneumatiko berriak” (25,7 milioi euro), “Ibilgailu automobilen zatiak eta osagarriak” (23,1 milioi euro), “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (20,7 milioi euro) eta “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (12,5 milioi euro). Oso deigarria da herrialde horri 19,7 milioi euroko salmenta egin zaiola “Petrolioaren edo material bituminosoaren olio gordinak” partidan.

Hirugarren tokian Estatu Batuak kokatu dira, 165,6 milioi eurorekin, eta esportazioak honako partida hauetan egin dira: “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (22,7 milioi euro), “Soldadurarik gabeko burdinazko edo altzairuzko hodi eta profil hutsak” (18 milioi euro), “Biodiesela eta haren nahasteak” (12,7 milioi euro) eta “Ehizatzeko su-armak, jaurtigairik gabeko pistolak, seinale-pistolak eta sokak jaurtitzekoak” (9,9 milioi euro). Guztira, 358 produktu mota izan dira.

Italiara 163,1 milioi euroko esportazioak egin dira, eta honako hauek nagusitu dira egindako transakzioetan: “Petrolioaren olio finduak” (16,2 milioi euro), “Kautxuzko pneumatiko berriak” (10,6 milioi euro), “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (9,4 milioi euro), “Salgaiak garraiatzeko ibilgailu automobilak” (8,9 milioi euro) eta “Trenbideetarako automotorrak eta tranbia autopropultsatuak” (8,6 milioi euro). Guztira, 412 produktu izan dira.

Euskal AEk Erresuma Batura egindako esportazioak 150,6 milioi eurora iritsi dira, eta honela banatu dira: “10 pertsona baino gutxiagoko turismoak” (15,6 milioi euro), “Aleatu gabeko burdinazko edo altzairuzko profilak” (14,3 milioi euro) eta “Turborreaktoreak, turbopropultsoreak eta gainerako gas-turbinak, piezak eta osagaiak barne” (10,6 milioi euro). Guztira, 397 produktu mota izan dira.