Bultzada ekonomikoa pentsiodunentzat
Udalak lehen seihilekoan 20.000 euro bideratu ditu zaurgarritasun-egoeran dauden pentsiodunen energia-fakturak finantzatzeko
Tokiko Gobernu Batzordeak oniritzia emango dio egoera zaurgarrienean dauden pentsiodunek energia elektrikoaren hornidurara sarbide jarraitua dutela bermatzeko laguntzen beste deialdi bati. Udalak 20.000 eurorekin finantzatuko ditu baliabide ekonomiko gutxi dituzten pentsiodunen berogailua biltzen duten komunitate-gastuen, elektrizitatearen edo gasaren ordainketa. Laguntza horrek urteko lehen sei hilabeteak estaliko ditu.
Gizarte Politiken zinegotziak, Raimundo Ruiz de Escuderok, zehaztu duenez, “kolektibo zaurgarrienen babesa indartzen jarraituko dugu baldintza duinetan bizi daitezen eta hornidura oinarrizkoenak bermatuta izan ditzaten. Energiaren kostuak eta inflazioa direla eta, beharrezkoa da pertsona horiei gure laguntza ematea”.
Laguntzak ALHAOn argitaratzen direnetik aurrera eskatu ahal izango dira eta honako hauek izango dira bete beharreko eskakizunak:
- Gizarte Segurantzako sistemako pentsioduna izatea.
- Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jasotzea, pentsiodunen osagarriaren modalitatean.
- Eskaera aurkezten den datan Gasteizen erroldatuta egotea eta azken 10 urteotan erroldan 5 urtez egon izana. Urte horietako batek, gutxienez, jarraitua eta justu eskaeraren aurrekoa izan beharko du.
- Ohiko etxebizitzarekin lotutako elektrizitatearen, gasaren edo beste erregai batzuen fakturak ordaintzen aritzea.
- Bonu sozialaren eskaera eginda izatea.
- Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean onuradun izateko ezarritako debekurik ez izatea.
Laguntza horiek aurrez aurre izapidetu beharko dira Herritarren Arretarako Bulegoetan.