Askotariko zerbitzuen sektoreko establezimenduen negozio-zifra 9.104 milioi eurotan kokatu zen 2021ean, COVID-19aren pandemia hasi zen urtearen hurrengoan, jarduera ekonomikoaren neurri murriztaileenak arindu zirenekoan. Beraz, negozio-zifra aurreko urtekoa baino % 17,8 handiagoa izan zen Eustatek landutako datuen arabera.
Establezimendu kopurua ere % 1,3 handitu zen, guztira 23.851 izatera iritsi arte, eta enplegudunen kopurua ere % 1 igo zen (82.188 pertsona). Askotariko zerbitzuen sektoreko establezimenduek sortutako balio erantsia 4.539 milioi eurora iritsi zen; % 11,1 igo zen, beraz.
Askotariko zerbitzuen sektorea oso jarduera multzo heterogeneoak osatzen du. Garrantziagatik, garraioari lotutako jarduerak eta informatika izeneko dibisioak nabarmentzen dira. Lehenak 3.272 milioi euroko fakturazioa du, hots, sektore horren guztizkoaren % 35,9, eta bigarrenak 1.549 milioi euroko fakturazioa, hau da, guztizkoaren % 17, eta bien artean guztizko negozio-zifraren % 53 metatzen dute, nahiz eta askotariko zerbitzuen sektoreko enpleguaren % 33,8 eta establezimendu guztien % 13,5 besterik hartzen ez duten.
Garraioari lotutako jarduerek 11.344 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana mila establezimendu baino gehiagotan (1.062). Informatikan aritzen diren 2.165 establezimenduek, berriz, guztira 16.461 pertsonari eman diete enplegua 2021ean. Bi dibisio horiek hobetu egin dute 2020ko salmenta-zifra: garraioari lotutako jarduerek % 11,6, eta informatikak % 7,1.
Era berean, informatikaren dibisioan enplegua % 4,2 igo da eta, enplegatutako 16.461 pertsonarekin, serie historiko ezaguneko maximoa ezarri du. Establezimendu kopurua ere % 2,2 igo da. Aitzitik, garraioari lotutako jardueretan, enplegua % 3,1 jaitsi da eta establezimendu kopurua ia konstante mantendu da, 2020aren aldean establezimendu bat bakarrik galdu baita.