Lanbide eta Enpresa Zerbitzuen sektoreko establezimenduen negozio-zifra, 2021ean, 9.314 milioi eurokoa izan zen, 2020an baino % 7,8 gehiago, Eustaten datuen arabera. Urte horretan lasaitu ziren COVID-19aren ondorioz jarduera ekonomikoari ezarritako neurri murriztaileenak.

Establezimendu-kopurua pixka bat jaitsi zen, % 1, guztira 27.327 izatera heldu arte, eta enplegatu-kopurua % 2,3, 127.878 pertsona okupatuz.

Negozio-zifraren igoera aipagarriarekin bat etorriz, Lanbide eta Enpresa Zerbitzuetako establezimenduek 6.073 milioi euroko balio erantsia sortu zuten; igoera % 8,1ekoa izan zen.

Lanbide eta Enpresa Zerbitzuen sektorea bi atalek osatzen dute: Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoek eta Jarduera administratibo eta zerbitzu osagarriek.

Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen atalak 21.524 establezimendu ditu, eta establezimendu-kopuruari dagokionez nagusi da, guztizkoaren % 78,8 baitu. Negozio-zifrari dagokionez ere nagusi da, fakturatutako 6.249 milioi euroak sektorearen % 67,1 baitira. Ez, ordea, enpleguari dagokionez; izan ere, 63.254 pertsona enplegatuek sektorearen erdia baino zertxobait gutxiago osatzen dute: guztizkoaren % 49,5.

Atal honen balio erantsi gordinak nabarmen gainditu zituen 3.965 milioi euroak, eta 2020an lortutakoa % 5 hobetzea ere lortu zuen.

Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen atalaren negozio-zifrak % 4,8 egin du gora, baina establezimendu-kopurua jaitsi egin da (% 1 gutxiago), eta, era berean, % 0,8 jaitsi da ataleko enplegua 2021ean, 2020ko datuekin alderatuta.

Bestalde, Jarduera administratiboen eta zerbitzu osagarrien atalak 3.066 milioi euroko fakturazio globala du, eta Jarduera Profesional eta Zerbitzu Osagarri guztien negozio-zifraren % 32,9 da; bertako 64.624 enpleguak enplegu guztiaren % 50,5 dira, eta 5.803 establezimenduak jarduera-sektore horretako establezimendu guztien % 21,2 dira.

Jarduera administratiboen eta zerbitzu osagarrien kasuan, balio erantsi gordina 2.108 milioi eurokoa izan zen, eta 2021ean % 14,4 igo zen, beraz, 2020ko datuekin alderatuta.

Jarduera administratiboen eta zerbitzu osagarrien atalean, establezimendu-kopurua % 0,9 murriztu da, eta enplegua % 3,7. Fakturazioa, aldiz, % 14,3 igo da.

Emaitzak jarduera-maila bereiziagoan aztertuz, eta, Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen atalaren barruan, garrantziagatik nabarmentzen dira Jarduera Juridikoetako eta Kontabilitateko eta Arkitektura eta Ingeniaritza Zerbitzuetako dibisioak. Lehenak 3.034 milioi euroko fakturazioa izan zuen, dibisioaren % 48,6, eta bigarrenak 2.012 milioi eurokoa, dibisioaren % 32,2. Bien artean negozio-zifra osoaren % 80,7 metatu zuten, establezimendu guztien % 74,5 eta enpleguaren % 69,5 izanik.

2021ean, Jarduera Juridikoetako eta Kontabilitateko dibisioak 25.470 pertsonari eman zien lana 10.576 establezimendutan, eta Arkitektura eta Ingeniaritza Zerbitzuetako 5.456 establezimenduetan 18.480 pertsona aritu ziren lanean. 2020arekin alderatuta, bietan negozio-zifrek gora egin zuten: % 6,1 Jarduera Juridikoek eta Kontabilitatekoek, eta % 3,5 Arkitektura eta Ingeniaritza Zerbitzuek. Establezimendu-kopuruari dagokionez, bietan behera egin zuen; lehenengoan, % 1,7 eta, bigarrenean, % 2. Enplegua % 4,9 jaitsi zen Jarduera Juridikoetako eta Kontabilitateko dibisioan, eta % 0,9 igo zen Arkitektura eta Ingeniaritza Zerbitzuetan.