Iñigo Urkullu Lehendakariak amaiera eman dio Elkargik bere Bazkideen Batzar Orokorra dela eta antolatutako “Begirada Berriak etorkizuneko erronkari aurre egiteko” XXXIII. Enpresa Topaketari; Euskadiren susperraldi ekonomikoa sendotzeko helburuarekin bat eginez, ziurgabetasun globalen esparruan, “etorkizun desafiatzale” baten aurrean. “Bat gatoz garapen jasangarria eta kalitatezko enplegu-aukera gehiago lortzeko helburuarekin. Ongizate-sistemari eusteko aberastasuna sortzea, kalitatezko gizarte-politikak bermatzea, erronka demografikoari aurre egitea eta gazteen aldeko apustua egitea”, gaineratu du.
Aste honetan ezagutzen dira soldata-egituraren urteko inkestaren datuak. Urteko batez besteko soldata 31.000 euro gordinekoa da Euskadin, Estatuko batez bestekoa baino 5.000 gehiago. Datu hori gorabehera, Iñigo Urkullu kezkatuta agertu da biztanleria aktiboaren laurden batek 19.000 eurotik beherako batez besteko soldata duelako, eta egoera hori aldatzeko beharra planteatu du. “Erantzukizun hori erakunde, enpresa eta langileek partekatzen dute. Ondo ordaindutako lana bizi-kalitatearen sinonimoa da, gizarte-ongizatearen sinonimoa”, adierazi du.
Bere hitzaldian, Urkulluk, halaber, azpimarratu du Euskadik askotariko enpresa-sarea behar duela, lehiakorra eta gero eta irekiagoa den merkatuari erantzungo diona, eta, horretarako, inbertsioa beharrezko aktibo gisa nabarmendu du, bereziki, egoera onuragarrietan, egonkortasunean. “Inbertsioak erakusten du geure aukeretan sinesten dugula. Asmatzen badugu, eta ziur bagaude egingo dugula, eskaintzen ditugun produktu eta zerbitzuei balio handiagoa ematea lortuko dugu, merkatuan presentzia handiagoa izatea lortuko dugu, baita nazioartean ere”, zehaztu du. Ildo horretan, ziurtatu du erakundeek hazkunde- eta inbertsio-prozesuetan babesa ematen jarraituko dutela.
Donostiako Kursaal jauregian egindako ekitaldian Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua ere izan dira.