Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunen esportazioek (2.419 milioi euro) % 9,1 egin dute atzera 2023ko apirilean, aurreko urteko hilabete beraren aldean. Bilakaera hori izan dute bai produktu energetikoek (–% 46,4) bai produktu ez-energetikoek (–% 6,5). Datu horiekin, 2023. urteko lehen lauhilekoko balantzearen itxieran esportazioen hazkuntza % 13,2koa izan da.

Inportazio-fluxuak (2.238 milioi) ere % 9,7 egin du behera, eta hura inportazio energetikoetan eta ez-energetikoetan ikusi da (–% 15,3 eta –% 7,1, hurrenez hurren). Hala ere, pisu-tonatan, inportazio ez-energetikoek soilik egin dute behera (–% 3,7); izan ere, energetikoek % 34,9 egin dute gora, 2022ko apirilean 1.013 milioi baitziren eta 2023ko apirilean, 1.366. Urteko lehen lau hiletako balantzeak inportazioen % 5,3ko hazkuntza izan du.

Hilabete honetan, 180,7 milioi euroko merkataritza-saldo positiboa izan da, eta % 108,1eko estaldura-tasa; hori guztia, balio nominaletan neurtuta.

Bizkaian, esportazioen jaitsiera % 11,6koa izan da eta Gipuzkoan, % 14,3koa; Araban, berriz, igoera txiki bat izan du, % 0,2koa.

Hilabete honetan, Arabatik igorritako ondasunen erdiak baino gehiago “Garraio-materialak” izan dira (% 53,1), nahiz eta jaitsiera txikia izan duen, % 1,4koa, urte artean (410 milioi esportatu). Era berean, jaitsi egin dira beste arantzel-sekzio batzuk, besteak beste, “Metalak eta bere manufakturak” (–% 4,6) eta “Produktu kimikoak" (–% 24,9).

Bizkaian, jaitsiera izan da “Produktu mineral eta energetikoen” esportazioetan (–% 45,7), aurreko urteko hil berean baino 79 milioi gutxiagorekin, bai eta “Metalak eta bere manufakturak” (–% 13,4) eta “Produktu kimikoak” (–% 24,8) sekzioen esportazioetan ere. Gora egin dute, berriz, “Koipe eta olio”en salmentek (% 113,0).

Gipuzkoan, “Metalak eta bere manufakturak” % 30,8 jaitsi dira, "Materiala, makinak eta aparatu elektrikoak” % 16,5, “Papera eta bere manufakturak” % 10 eta “Produktu kimikoak” % 22,2.