2021ean, COVID-19aren pandemiaren ondoko urtean, Merkataritzaren eta ibilgailuen konponketaren sektoreak 36.521 milioi euro fakturatu ditu, 2020an baino 4.628 milioi gehiago; alegia, % 14,5eko hazkuntza izan du, Eustaten datuen arabera.

35.898 establezimenduk, guztira, sektore horretan garatu dute haien jarduera, 2020an baino % 2,2 gutxiagok. Hala ere, landunen kopuruari egonkor eutsi zaio, eta 128.839 pertsona dira 2021ean enplegatuak, 2020aren antzera. Bestalde, lan egindako ordu kopuruak gora egin du pixka bat, % 0,4, eta pertsonalaren kostuek % 8,7ko igoera izan dute.

Sektoreak lortutako salmenten gaineko marjina komertziala –marjina komertzial gordinak birsaltzeko salgaien salmenta garbien balioaren gainean duen proportzioa– % 22,3koa izan da, 2020koa baino ehuneko puntu bat gutxiago.

Lurraldeei dagokienez, Bizkaiak izan du portaerarik onena adierazleetan. Lurralde horretan % 17,6 egin dute gora salmentek, eta pixka bat egin du gora enpleguak (% 0,8). Bestalde, Araban % 12,3 handitu da negozio-zifra, eta inpaktu txikia izan du enpleguan (–% 0,5). Gipuzkoan, berriz, % 10,8 egin du gora fakturazioak, baina –% 1,2 behera pertsonal kopuruak.

2021ean, Bizkaiak 18.836 milioi euro fakturatu ditu guztira, guztizkoaren % 51,6; Gipuzkoak, 11.473 milioi, guztizkoaren % 31,4, eta Arabak, 6.211 milioi, Euskal AEko % 17,0.

Paraleloki, pertsonalaren gastuek % 9,8 egin dute gora Bizkaian, % 8,2 Gipuzkoan eta % 6,1 Araban.

Salmenten gaineko marjina komertzialak behera egin du hiru lurraldeetan, eta ehuneko 6,0 puntu egin du behera Bizkaian, 2,9 Araban eta ehuneko 1,8 puntu Gipuzkoan.