Euskal Autonomia Erkidegoko industria-produkzioa 2023ko martxoan aurreko urteko hil berekoa baino % 6,2 handiagoa izan da, lan-egutegiko baldintza homogeneoetan, Eustatek prestatutako datuen arabera. 2023ko lehen hiru hiletako metatuak ere % 1,5eko hazkuntza-tasa izan du.
"Martxoan, aurreko hilarekin –2023ko otsaila– erkatuta, Euskal AEko industria-jarduerak % 2,3 egin du gora, urtaro-ondorioak zuzenduta", azaldu du Eustaten txostenean. Ondasunen helmuga ekonomikoen arabera, 2023ko martxoko indizeak, 2022ko martxokoarekin alderatuta, % 8,8 egin du gora Bitarteko ondasunetan; hartan sartzen dira metalurgia eta produktu metalikoen fabrikazioa, industria kimikoa eta kautxuzko eta plastikozko produktuen fabrikazioa.
Bestalde, "Ekipo-ondasunek % 6,1eko gorakada izan dute. Haien artean honako hauek daude: motordun ibilgailuen fabrikazioa; lokomotorren eta trenbide-materialaren eraikuntza, eta eraikuntza aeronautikoa edo ontzigintza".
Kontsumo-ondasunek ere urte arteko portaera positiboa izan dute 2023ko martxoan; sektoreak % 3,4ko hazkuntza izan du. Hazkuntza hori Kontsumo ez-iraunkorreko ondasunen portaeraren ondorio izan da, zeinak % 4,8 areagotu baitu ekoizpena. "Haietan, honako jarduera hauek sartzen dira: elikagaien prozesatua eta kontserbazioa; garbitasunerako eta higienerako produktuen fabrikazioa; farmaziako produktuak, eta arropen jantzigintza. Bestalde, Kontsumo iraunkorreko ondasunen ekoizpenak % 2,7 egin du behera. Haietan sartzen da, besteak beste, altzari eta etxeko tresnen fabrikazioa", ondorioztatu dutenez.
Energiak, azkenik, % 2,0 egin du behera urte arteko tartean, 2023ko martxoan. Sektore horretan, energia elektrikoaren ekoizpena eta hornikuntza eta petrolio-fintzea sartzen dira.