Aurrekontu parte-hartzaileetara proposamenak bidaltzeko epea luzatu da. Arabako Foru Aldundiak aurrekontu parte-hartzaileen bigarren ediziorako luzapena iragarri du gaur. Zehazki, maiatzaren 5era arte egin ahal izango da. Ordura arte, Arabako herritar guztiek izango dute beren proposamenak egiteko aukera, 2024ko foru-aurrekontuen parte izan daitezen. Horrela, jarraipena eman nahi zaio proiektuari, herritarrei eta gizarteari etorkizuneko Araba eraikitzen parte hartzeko aukerak zabaltzen dizkien foru-proiektuetako bati.

 "Aurrekontu parte-hartzaileak demokrazia parte-hartzailearen tresna berri bat dira, zuzenekoa eta deliberaziozkoa, eta horren bidez herritarrek politika publikoen diseinuan, erabakian, betearazpenean eta jarraipenean parte hartzeko duten eskubidea baliatu ahal izango dute. Tresna horrek, baita bere erabaki estrategikoak ere, zentzua du, herritarrak berak baitira lurraldeak abian jar ditzakeen etorkizuneko erronka horien ondorioen hartzaileak eta onuradunak", azaldu dute Foru Aldundiatik.

Nork aurkez dezake?

16 urtetik gorako edozein pertsona, baldin eta Araban erroldatuta badago. Arabako Lurralde Historikoan eratutako edozein erakunde, nortasun juridikoa duena (elkarteak edo kolektiboak) eta lan-eremua Araba duena.

Nola?

Aurkeztu zure proposamena helbide honetan: araba.irekia.eus, Vitoria-Gasteizko Erregistro Orokorraren bulegoan edo Laudion, edo Arabako Lurralde Historikoko edozein udaletako sarrera-erregistroan.

Zer proposamen mota aurkez daitezke?

Legezko egintza direnak eta Arabako Foru Aldundiaren eskumenekoak direnak.

Zehatzak izan beharko dute, xedea eta helburua argi utzita.

Bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatu beharko dute, eta inoiz ez dute eragingo gastua handitzea Arabako foru-administrazioak aurretik garatu dituen ekimenetan.